Nortasuna garatzen

Iker Zabala

Inork gutxik jokatzen zuen horren itxaropentsu Bilboko saskibaloiarekin duela urte batzuk Caja Bilbao zaharra desagertu eta Bilbao Basket berritua eraiki zenean. Duela 11 urte eskas gertatu zen hura, baina gertaerek egun duten abiadura ikusita klubaren protohistoriaz ari garela esan genezake. LEB 2 kategoria hartatik egungo egoerararte hainbat pauso eman ditu talde euskaldunak, beti ere arrakastaren norabidean, aurten azkenik gailurra ikutu duen arte. Ia gailurra hobe esanda. Fotis Katsikaris-ek entrenaturiko gizonek ACB ligako finala erdietsi dute, lorpen izugarria Espainiako ligak daukan mailari behatuta.

kirolak_11_07_07

 

Guzti honek jakina Bilbo piztu egin du, eta saskibaloiaren inguruko interesaren aurreikuspenak hautsi egin dira hiriburu bizkaitarrean. Halere, jadanik finalaren egun haien ajea igaro den heinean, lortutakoaren analisiak are emankorragoak gertatzen dira. Gailurra ikutzetik gertu egon da aurtengoan talde bizkaitarra, eta hori erabat aurreikusezina denean tontorra bera ikutzea bezain gozoa gertatzen da. Halere, hurrengo denboraldietako jarrerak zehaztuko du hain zuzen taldearen nortasuna.

 

Izan ere, halako lorpenek konformismoan erortzeko arrisku nabaria daukate bere atzean. Urte zehatz batetan lorturiko arrakastak instituzio bati zentzua eman diezaioke, eta horrela etorkizuneko emaitza positiboak oztopatu. Ez dirudi halere, hau izango denik talde bilbotarraren kasua, sentsazioa aurrera emandako pauso eztabaidaezinarena baita. Aurtengo lorpenak gizarte onarpenaren zentzuan ezarri du beltzezko gizonen untzia, eta bide batez, taldearen gabezia nabarienetako bat estali da ezustean; izan ere, Bilbao Basket-i izaera euskaldunaren hutsunea leporatu izan zaio zenbaitetan, bere ordezkari guztiak atzerritarrak dira, eta sustrai euskaldunak ez ziren inondik agertzen. Egoera ez da zentzu hortan gehiegi aldatu, baina zalegoaren inplikazioak bilakatu du taldea euskaldun. Beste taldeak bezalakoa zen orain arte Bizkaia Bilbao Basket, inportazio eta diruz eraikiriko kluba. Hemendik aurrera zigilu eztabaidaezina lortu du hain zuzen ere Miribillako kantxa hortan bizi den giro bereizgarri horretan. Arrakastaren bidetik heldu zaio hain zuzen ere talde bilbotarrari grina euskaldunarekin batasuna.

Iker Zabala

2011, Uztaila 07
Arloa: Kirolak