Klasiko eta tradizionala
Txirrindularitza eta euskal gizartearen arteko uztartze puntuak anitzak izan dira historikoki. Asko izan dira euskal herritarren artean lehiaketetan arrakastak lortu dituztenak, eta horren adierazle nagusi dugu egun euskal lurraldean dagoen txirrindularitzarekiko zalegoa, mundu mailako sutsuenetarikoa. Halere, oraindik ere Miguel Indurain edo Abraham Olano bezalako txapeldunen lekukoa hartuko duen kirolaririk ez zaigu ageri, nahiz eta hortarako hautagaiak azaltzen diren: hortxe dugu maiuskulaz idatzia Igor Anton-en izena, baina oraindik ere azken maila hori igotzea falta zaio Galdakaoko txirrindulariari, auskalo aurtengo Espainiako itzulian erregetza hartzeko gai izango den Euskaltelekoa. Bienbitartean, euskal herriratutako baten arrakastekin konformatu beharko gara, berriro ere Frantziako Tour paregabea burutu baitu Samuel Sanchez asturiarrak, talde laranjaren momentu onena agerian utziz, eta Luz Ardiden mitiko hortan garaipena erdietsiz. Halere, oriandik ere euskal bizikletari bultzada bat falta zaiolaren sentsazioa dago, txapeldun handi baten agerpenaren zain dago oraindik ere euskal zalegoa.
Eta hutsune hori antolakuntza aldetik ere estaltzen dela esan genezake. Gorago aipatu da Euskaltel Euskadi proiektuaren sendotasun eta norabide paregabea. Eta talde eraikuntzaz gainera, lasterketen antolakuntzan aberats daukagu euskal lurraldea. Hainbat lehiaketa desagertu direla egia da, tartean Urkiolako igoera tradizionala, baina oraindik ere badira hainbat proba historikoki onartuak, eta egun osasun egoera paregabean daudenak. Horren adibide duela egun batzuk izan genuen Donostiko klasika. Jaizkibelgo gailur aldapatsuaren inguruan punta puntako hainbat txirrindulari izan ziren beste behin, jadanik 31. edizioa zuen txapelketan. Tartean Tour zoragarria egitetik zetozen Frank Shleck, Damiano Cunego, edo Samuel Sanchez bera. Azkenik garaipena Philippe Gilbert belgikarrarentzat izan zen, eta ikuskizuna beste behin eskaini zuten kirolariek Donosti inguruetan lasterketak iraun zituen 234 kilometroetan.
Esan bezala beraz Euskal Herrian ematen diren txapelketa propioek ere euskal txirrindularitzaren osasun egoeraz hitz egiten digute. Donostiko klasika honen azken euskaldun irabazlea Miguel Indurain izan zen. Bada garaia etxeko lehia hauetan bertako irabazlea ikus dezagun. Nafarraren garaipenaren 1990 hura urruti samar ezartzen baita.