Titular lehorrak
Bukatu da jadanik ACT liga. Arraun ikuskizuna, euskal kulturaren ondare eta gizakiaren eta itsasoaren arteko lehiaren erakusle. Balantze garaian, aurtengo urte hontatik, gauza asko daude nabarmentzeko: Kaikuren lehen liga eta punta puntako taldearen konstatazioa, bizkaitarren hazkundea Zierbena eta Portugaleteren igoerarekin, edo Orio bezalako trainera historiko baten jaitsiera horrenbeste urtez goikoen artean egon ondoren. Nabarmendu genezake, nahiz eta ligatik kanpo egon, Urdaibairen arrakasta urteko zitan, Conchako banderan, Bermeoko kaleetara zoramena eramanez.
Halere, denboraldi honek polemikaren izpiritua izan du etengabe bere gain. Iazko urtetik arrastaka zegoen harri pisutsu hark bere ondoriorik lazgarrienak ondorioztatu zituen Bermeoko bandera bukatu ondoren. Kaiku eta Urdaibairen auzoko ezinikusiak urruti iritsi ziren, urrutiegi, eta jadanik proba bukaturik zegoenean ukabilkadak eta irainak egon ziren bi taldeen zaleen eta Kaikuko kirolarien artean. Urtean zehar gertaturiko leporaketa gurutzatuen ondorioa zela zioten batzuek, eskuetatik ihes egindako probokazio jokoa baino ez zela ere aipatu du norbaitek. Edozein kasutan, irudi lazgarriak izan ziren Kaikuk liga bideratuta uzten zuen egunarentzako.
Historia egunkarietako titularrek idazten dutela dioenik badago. XX. mendearen ideia arina lor daitekeela eguneroko paper horietan letra handiz idatzita dagoena birpasatuz. Horrela, egun hortako titularrek ez zioten erreferentziarik egiten Bermeko banderan Hondarribiak lorturiko garaipen eztabaidaezinari, apenas Kaikuk bere historian lehenengoz erabakita utzi zuen ACT ligari. Argazkietan Ertzaintza zen protagonista, eta adierazgarria datu hau, apenas zegoen urik arraunaren inguruko albiste esanguratsu baten. Denboraldiaren adierazle izan dela entzun da egunotan, bulegoetan ere giro lehorra izaten baita protagonista.
Ea ba, denboraldi hontan geraturikoa iraganean lurpera daitekeen eta hurrengo urteotan protagonista arraunlarien palakadak izaten diren. Beti izan den bezala.