Oraina geroaren atari
Euskal eskubaloiak emakumeetan bizi duen momentu gozoa ez da inolaz ere berria. Ezagutzen dugu Itxakoren egoera zoragarria, Europako club boteretsunetariko bat bezala egonkortu da talde nafarra, eta iaz goia jotzeko zorian izan zen, liga lortuta, eta Europako Txapeldunen ligako finalera iritsi ondoren. Bera Bera eskubaloia taldea ere ohorezko mailan oso egonkortuta dago, eta sailkapen aipagarriak lortu ditu azken urteetan.
Halere, gaurkoan arreta toki desberdin batetara eramango dugu, izan ere, beste talde bat ere agertu zaigu ohorezko maila hortan aurtengo denboraldian. Etxebarriko Kukullaga taldea da, eta hasiera batetan emaitzak lortzen ari ez diren, ilusioz ekiten diote udalherri bizkaitarretik salbazioaren erronkari. Iaz denboraldi zoragarria burutu ondoren, ohorezko mailaren zilarrezko kategorian geratu beharko zutela ematen zuen hasiera batetan; baina ezustean Alakanteko Monovar-ek bere goreneko plazari uko egin zion, arazo ekonomikoak zeudela tarteko, eta aukera heldu zen hala Etxebarriko neskentzat.
Horrela, onenen artean jokatzeko aukera etorri zen, eta honekin batera, kirol proiektuaren arrakastaren berrestea. 80. hamarkadaren erdialdean sortua, hastapenetik herriari atxikitako taldea dugu Kukullaga, udal instituzioek bultzatua herriko nesken artean kirola sustatzeari begira. Horrela, epe laburrerako helburuak hurrengo urtean ohorezko mailan mantentzearekin daude erlazionatuta, nahiz eta urrutirako begiradari ematen zaion garrantzia Kukullagan.
Hala, eskubaloi eskola aktiboa daukate martxan, eta kategoria denetan ordezkaritza. Ehundaka neska orotara klubaren barnean, senior taldearen ispiluaren erreferentzia hor dagoela. Horrela, Etxebarriren eta eskubaloiaren arteko uztarketa erabatekoa da, eta oraina emankorra bada, etorkizunak ere itxaropentsu izateko tankera guztia dauka. Hala, Etxebarriko nesken artean eskubaloia erreferentzia izatera pasa da, eta horrela, talde arrakastatsuek herrietan eragiten dituzten fenomeno horietako bat gertatu da Etxebarrin ere. Eta elementu horiek dira, hain zuzen ere, garrantzizkoenak. Gizarte atxikimendua sorrarazten duten lorpenak direlako, tradizionalki, oroimenean geratzen diren arrakastak.