Garrantzi mailak

Iker Zabala

Kirolak zenbaitetan ez dauka inolako garrantzirik. Bizitzak suposatzen duen abenturaren barnean, ez dago sarritan kirolarentzako tokirik, eta bigarren maila batetan ezkutatzen zaigu. Halere, kirolak bidailagunaren funtzio horiek ere bete ditzake, eta garrantzitsuagoak diren elementu horien sostengu bilakatu.

Joanes Aierbe Ampo Ordiziako jokalaria da, taldeko kapitaina eta errugbian kontsolidatuta figura. Duela 11 hilabete albiste latza jaso zuen, minbizia zuela jakinarazi zioten, eta bere indar guztiak beharko zituela aurrera jarraitu ahal izateko. Pasa da denbora, eta azaroaren 27an herri gipuzkoarrean omenaldi berezia zegoen prestatua. Eszenatokia ezinhobea, Gernika Rugby-ren aurkako derby-a Altamiran, sailkapen goikaldean posizioak mantentzeko partida erabakiorra; eta Joanes Aierbe minutu batzuk jokatzeko prest egongo zen, agian, bere gaixotasuna gainditu ondoren. Horrela, herriak partidaren inguruan jarri zituen bere espektatibak. Sarrerak agortu egin ziren, eta bigarren zatian ordiziarren kapitaina etxera bueltatu zen, errugbi zelaira, txalo eta oihuen artean.

kirolak_11_12_06

Partida bukatu ondoren Aierberi bere jarrera hotzarengatik galdetu zitzaion, eta bere erantzuna argia izan zen. Jaso zuen maitasunak bere barnean eragin zuena oso handia izan zen, baina momentu hortan partida besterik ez zeukan buruan, ez zegoen beste ezerentzako tokirik. Bere bizitzako parentesia beraz itxita geratu zen horrela.

Hilabete gogorrak izan dira jokalariarentzat. Kimioterapia tratamenduen artean, bere jarduerarako horren funtsezko diren kilo ugari ere galdu zituen. Lasterketa hortan garaipena lortzeko indar energiak beharrezkoak omen dira. Eta indar erreserbak betetzeko bere taldekideen barnean aurkitu du babesa Joanes-ek, entrenamendu eta partiden saltsan. Ohiko bizitzarekin ez haustearen hautua hartu zuen kirolariak, eta horrela, bere betiko bizitzaren bidera bueltatzeko aukera erdietsi du talde ordiziarraren kapitainak.

Gernikaren aurkako partidan 10 entsegu lortu zituen Ampo Ordiziak, guztira 49-21eko emaitza lortuz. Partida bikaina izan zen, nahiz eta egun hortan kirolari bigarren maila batetara pasatzea zegokion. Bizitzan gauza garrantzizkoagoak badaudelako, hain zuzen ere.

Iker Zabala

2011, Abendua 06
Arloa: Kirolak