Euskal Herria une onean dago ziklo-kros-aren barnean. Bere garaian David Seco bezalako kirolari bikainari lekukoa hartuko dion bolondresen bat ageri zaigu, eta horrela, euskal txirrindularitzaren disziplina honen barnean dagoen tradizioa berretsi. Ezbairik gabe, azken garaietan indartsuen agertzen den izena Egoitz Murgoitio abadiñotarrarena dugu. Bizkaitarrak bere heldutasuna lortu duela ematen du, eta hortarako adibiderik egokiena Laudion burutu zen Euskadiko txapelketa izan genuen. Bertan hautagaitzarik gogorrena Murgoitiorena zen ezbairik gabe, izan ere, denboraldia hasi zenetik emaitzarik onenak erdietsi ditu, eta horri gaineratu behar zaio Estatuko Kopa irabaztetik zetorrela Murgoitio, Alcobendas-en lorturiko garaipen distiratsuaren ondoren. Halere, kinieletan beste aldagai bat bazegoen, izan ere, abadiñotarrak Munduko Kopako lasterketan min hartu zuen orkatilean, eta hala, fisikoki erabat gai izango ez zenaren susmoa azaltzen zen. Denarekin, garaipena hasiera hasieratik bideratu zen Hirutek taldeko kirolariarengana, hasiera marratik bere nagusitasuna berretsi baitzuen eta denbora tarte zoragarriak burutu. Garaipenak balore gehiago hartu beharko luke arerio Javier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez bezalako izen boteretsuak zituela kontutan hartuz gero.
Horrela, jadanik bere ibilbidean beste koska bat jarri duela ematen du Egoitz Murgoitiok. Momentuan euskal ziklo-kros-eko izen nabarmenetarikoa da, eta jadanik, 28 urterekin erronka handiagoak bere gain hartzeko unean dela ematen du. Horrela, estatu mailako txapelketa begiz jota duen heinean, munduko Kopako probetan ari da berebiziko esfortzua bideratzen bizkaitarra. Hortarako plangintza espezifikoa bideratu du, eta bere etekinak jasotzen badoa apurka, lehen hogeien artean sartzea lortu baitu proba ugaritan.
Disziplinaren barnean, mundu mailako estatuek duten prestakuntzarekin lehiatzea ez da erraza. Denarekin, Euskal Herriak egin du bere izena urteetan barrena. Horren adibide argiena, oraindik ere egun mantentzen den Igorreko Munduko txapelketako proba. Hortaz gainera, lokatz eta aldapa ezinekoen txirrindalaritzak hainbat estatuko txapeldun izan ditu Euskal Herrian azken hamar urteetan, esaterako, David Seco, Unai Yus edo Javier Ruiz de Larrinaga bera. Ikusi behar Egoitz Murgoitiok zenbateraino iraun dezakeen goi maila hori erakusten, eta batek daki, agian erregistroak hautsi eta nazioarteko eremu lehiakor hortan ere euskal ziklo-krosaren historia handi daiteke.