Borrokatzeko grina
Bizitzako trenak era mugatuan igarotzen dira, eta kirolaren eremuan ari garenean, ametsetarako bide horiek are urriagoak izaten dira, kirolariaren bizitza profesionala nahiko laburra dela kontutan hartzen badugu. Horrela, oztopoak gainditzearen beharra planteatzen da hainbat kirolariren ibilbidean xedeak lortzeko azken aukerak baliatzeko asmotan.
Honen islada eztabaidaezin izango genuke Maider Unda borrokalari arabarra. Bide ona darama borroka librearen kirol gogorraren barnean, eta azken urte arrakastatsuak izan ditu. 10 aldiz estatuko txapeldun, eta nazioarte mailan hainbat lorpen, tartean Europako txapelketan bi aldiz brontzezko domina, eta beste brontzezko domina bat Munduko txapelketan, betiere 72 kilotik beherako mailan. Arrakasta aipagarriak diren arren, Maiderrek kirolari ugarik daukaten ametsa izan du betidanik: joko olinpikoetan domina lortzea, kirol lehiaketan dagoen txapelketa klasiko eta tradizionalenean. Maider-ek, 35 urterekin, borroka librean heldutzea lortu duenaren zeinu definitiboa litzateke. Egona da jadanik Unda joko olinpikoetan, 2008 Beijing-eko haietan, eta paper distiratsua izan zuen, dominen helburutik oso gertu gelditzeraino. Orduan finkatu zuen borrokalari gasteiztarrak 2012ko xedea, Londres-eko lehiaketa. Halere, ipar orratza hiriburu britainiarrean zegoela, ezustekoa heldu zen joan den urtean. Lesio forman etorri ohi dira kirolarien ezbeharrik nabarmenenak eta kasu hontan ez zen salbuespen izan. Lotailu haustura izan zuen entrenamendu batetan, borrokan izandako lesio sorta ugariaren azkena. Azkena, eta une batez definitiboa ere ematen zuen 35 urtetako kirolariarentzat halako gertaerak ibilbide deportiboaren bukaera suposa baitezake. Maider Undak halere, esfortzurako gaitasuna adieraztearekin ez du inoiz arazorik izan. Argi ikusi zuen hastapenetik joko olinpikoetan berriro ere egoteko ametsak erabateko sakrifizioa esigituo zuela, eta horrela, belauna osatzeko prozesuan buru belarri sartu zen, sendatze urratsak era nabarmenean estutuz eta miraria erdietsiz, preolinpikoetarako %100 iritsi baita fisikoki arabarra. Horrela, duela hilabete batzuk ezinezko zirudiena baieztatu da, Finlandiako txapelketan txartela eskuratu baitzuen, eta hori gutxi balitz, lehiaketa bere ere eskuratu zuen Undak.
Superazioaren erronka burutzearen ondoren, ametsak gauzatzeko aukera inoiz baino gertuago dauka Maiderrek. Uztaileko joko olinpiko horietan zerbait lortzeko posibilitateak inoiz baino handiagoak dira, eta horrela, bukatzear dagoen kirol ibilbideari urrezko bukaera. Diotenaren arabera, gauzak esfortzuarekin gehiago gozatzen omen dira. Normalean hitz hutsak baino ez dira izaten, botatako izerdiaren gaineko goraipatze antzuak. Maider Undaren kasuan, edozein kasutan, Londresetik domina lepoan zintzilik ekartzearen lorpen hipotetiko horrek kutsu epikoa izango lukeela ezin uka.