Urratsez urrats
Euskal errugbya zorioneko dago ezbairik gabe. Hego Euskal Herriko ordezkariek 2012a era sinestezinean bukatzea bermaturik daukate, eta estatuko ligako goikaldean ezartzen dira aurten ohorezko mailan dauden 4 euskal taldeak. Hernanik erabat kontsolidatu du bere maila goreneko kategorian, eta Getxo Arteak ere bere historiarekiko koherentea den maila lortu duela ere esan genezake. Eta are hobeto dabiltza, ziur asko, AMPO Ordizia, azken urteetako erregulartasuna baieztatuz, eta batez ere, Bizkaia Gernika taldea, ligako lider sendoa, momenturarte partida bakarra baino galdu ez duena; sailkapenaren gailurra erosotasunez gidatuz, bere historiako lehen liga irabazteko aukera handiak dituzte basurdeek, hortarako faborito argiak bilakatu diren punturarte.
Aurtengo liga hau, beraz, historiko bidean doa Gernikako taldearentzat, eta ez soilik estatuko txapelketan lortzen ari diren emaitzengatik, baita Europan bizitzen ari diren abenturagatik ere. Amlin Challenge Cup-erako sailkatzea lortu zuten iazko ligan bizkaitarrek (beste batzuek, tartean AMPO Ordizia berak, parte hartzea baztertu ondoren), kontinente mailan den bigarren txapelketa genuke. Euskal talde batentzako sekulako erronka da hau, estatuko ligako taldeen maila nekez aldera baitaiteke Frantzia edo Erresuma Batuak dituen ordezkarien lehiakortasunarekin. Bada, gauzak horrela izanda, Gernikak ilusioz ekiten zion erronkari, garaipenak lortzea ia ezinezkoa izango zela kontutan hartuta. Horrela, Europan bisitako lehen esperientziak ederrak izanagatik, kutsu mingarria ere izan zutela ezin uka, izan ere Perpingan-en etxean 90-12 galdu zuten, eta Worcester Warriors talde boteretsua 5-85 inposatu zen Urbietan. Bi porrotek, asumituta bazeuden ere, euskaldunen grina irabazlea mindu zuten era argian. Bada, Europan aurrera egitearen erronka birtualki ezinezkoa da akaso, baina apaltasunean ere eman daiteke urratsik. Horrela, hurrengo aurkaria Rovigo italiarra izango da Gernikarentzat, eta bi taldeek plazaratuko duten lehiak oreka gehiago eskeiniko du, ezbairik gabe. Venetoko eskualdeko taldeak ere ez du garaipenik lortu ligaxkan, eta gernikarrek bezala, jipoi ederrak jaso ditu multzoko bi erraldoien aurka. Horrela, Urbietan taldeko hirugarren postua egon daiteke jokoan. Postu sinbolikoa, baliorik gabekoa, baina euskaldunentzat adiera berezia izan dezakeena. Izan ere, italiarren aurka irabazteak lehen garaipena suposatuko luke Europan, taldearen hazkundean beste maila bat igoz. Horrela, Europan jokatzeko erabakia, berez klubarentzat defizitarioa izango dena ziur asko, justifika lezakeen garaipena izango litzateke, eta agian, hurrengo urteetan egin daitekeenaren bidea argitu dezakeen arratsaldea ere izan daiteke udalherri bizkaitarrean biziko dena.