Izotzezko olatuaren bila

Iker Zabala

Badaude elementuak mugak badituztenak; beste batzuek, ordea, ez dute inolako bukaerarik ezagutzen. Giza borondateak, esaterako, ez du zertan inolako ataleserik izan, eta sekula susmatu ezin genezakeen eremuak har ditzake. Burura datorkigun objeturik handienak, ordea, badauka amaierarik, eta horrela, gure begiokin ikusi ez badugu ere, badakigu bizileku dugun planeta honek badaukala bere azken geltokia, badagoela toki bat, ilun eta goibela, gauza guztien amaiera suposatzen duena. Horrela, gutxi dira munduan esferaren poloak bisitatu dituztenak, eta are gutxiago, poloetako ur izoztuetan sartu direnak. Kopuru hori oraindik ere murritzagoa da ur horiek surfeatzeaz ari bagara.

Kepa Acero surflari getxoztarrak kirolaren kontzepzio berezia dauka ezbairik gabe. Txapelketa eta lehiek eskaintzen dutenaren gaineko interes gutxirekin, mundua ezagutzeko tresna gisa erabili izan du azken urteetan bere surf taula, eta horrela, erronkaz erronka planetako uretan surfaren hazia landatuz joan da, “5 olatu, 5 kontinente”, edo “Azken Muga” bezalako proiektuetan.

Bada, bere azken proiektu honen bitartez, muga guztiak hautsi nahi ditu, eta horrela, Antartidako kontinente inguruko itsasoan zutik izango da bizkaitarra, ekimen arriskutsu bezain zirraragarrian.

Antartidako uren gainean esan beharreko lehen gauza da bertara iristeak suposatzen duen zailtasuna. Zibilizazio orotik urruti, Usuhaiako portu argentinarretik abiatuta, itsasuntziz 4 egun baino gehiago pasako ditu Acerok, eta hontarako aliatu nabarmena izango du, hau ere abentura euskaldunaren ordezkari: Unai Basurko itsasgizonak, eta bere “Pakea” itsasuntziak eramango dute Acero eta bere taula Hego Poloko uretara.

           kirolak 12 12 30

Ez da erronkari eutsiko dion lehen kirolaria izango Acero, aurretiaz Chris Malloy bezalako surflariak ere izan dira munduko kontinenterik gordinenean. Hain zuzen ere estatubatuarra Kepa Acerorengana zuzendu da egunotan, eta email bitartez zorterik ona opatzeaz bat, bere esperientziak erakutsiriko arrisku nabarmenenak adierazi dizkio: Antartidako urak ez dira fidatzekoak, uraren barrenak xurgatu egiten du sartzen den gizakia, hondora indar eginez; horregatik ezinbestekoa da bidailagun den itsasuntzia begibistaz ez galtzea, ur horiek paretik gabeko laberintoak izan daitezkeela badakigulako. Jakina, uraren tenperaturak suposatzen duen zailtasuna hortxe dago, eta horrekin batera haizeak eragin dezakeen oinazea ezin ahaztu. Uraren tenperatura 0 graduetatik ez da apenas altxatzen, eta haizeak 100 kilometro orduko nabarmen igarotzen ditu, ufada handienak 200era ere irits daitezke. Beste arazo potentzial batzuk ere aipatu behar arriskuen eremuan, izan ere, inguruan dagoen bizitza kezkatzekoa izan daiteke. Hala, Malloy berak aipatu bezala, inguruko itsas otsoekin kontuz ibiltzea komeni da.

Bada, guzti hau kontutan izanda, bi aste inguru igaroko du espedizioak izotza baino ez dagoen tokian, munduaren eta mundu izateko urrutiegi dagoen tokiaren arteko mugan. Esan bezala, giza borondatearen enbaxadore aldarrikatu du bere burua beste behin Kepa Acerok.

Iker Zabala

2012, Abendua 30
Arloa: Kirolak