Isilpeko lana

Iker Zabala

Kirol ibilbidean etapak ez dira sekula zehaztuta egoten, bizitzan bezala, hasiera eta bukaera bitartean etenik ez daukan etapa luzeak baitira ibilbide guztiak; baina egia da, baita ere, momentu konkretu batzuetan zerbaitek gelditzera behartzen gaituela, eta puntu hortararte eraman gaituen bideari erreparatzen diogula, zenbateraino hasi garen behatze asmoz. Eta zenbaitetan, erreibindikaziorako tresna ere bilaka daitezke behatze tontor horietatik eratorriko ondorioak.

Nesken futbola itzalpean dagoenaren gaineko eztabaida gutxi sor daiteke. Interes mediatiko eta espektazio mailak ez dira inolaz ere gizonezko futbolak sortzen dituenak. Nesken taldeetako euskal ordezkariek lorpen nabarmenak haragitu badituzte ere kirol sailaren azken pasarteak hartzen dituzte egunkarietan, eta partidetako harmailek ere ez dute kopuru nabarmenegirik erakusten (nahiz eta eboluzioak ere beha daitezkeen zentzu honetan). Bada, agian horrexegatik da garrantzitsu Eli Ibarra bezalako futbolariaren ibilbide eta zenbakiak azpimarratzea.

kirolak 13 01 02

Athletic-eko jokalari dugu azkoitiarra eta 2013a zenbaki borobilarekin hasi du, izan ere, 300 partida jokatu ditu erdilariak elastiko zurigorriarekin. 2002an taldera iritsi zenetik, hala, hainbat momentu gozo bizi izan ditu gipuzkoarrak, eta Athletic-ek izandako urrezko garaiaren protagonistetako bat izan zen, lau superliga baitaude Ibarraren tituluen artean, azkena 2007an irabazirikoa. 31urterekin, 300 partiden zenbaki osatu horrek gainera beste estadistika borobila ere eskaintzen du, izan ere, Ibarrak 100 gol ere lortu ditu, hau ere nabarmentzeko zenbakia ezbairik gabe.

Esan bezala, 2007an irabaziriko azken liga hark sikatea ekarri zuela ematen bazuen ere, kemena ez da jaitsi Ibarraren belaunaldiko jokalari ugari mantentzen dituen taldean. Horrela, experientzia eta gazteriaren arteko proportzioak egoki baliatuta, talde sendoaren diseinuarekin jarraitu du Athletic-ek, eta aurtengo ligarako faborito nagusia izatea lortu du, gabonetara 3 puntuko aldea atereaz Atletico Madril bezalako talde boteretsuari. Hala, iaz barnean geratu zen arantza kendu nahi dute zurigorriek, ligan bigarren tokian geratu baitziren, eta batez ere Erreginaren Kopako finalean ere erori egin baitziren bilbotarrak, Espanyol-en aurka luzapenean galdu ondoren.

Bada, oraindik ere garaipenarentzako tokia badela frogatu nahi dute Juan Luis Fuentes entrenatzailearen neskek, eta hala, taldea martxan jarri zuten eta oraindik taldean diren jokalariek tituluak beregana ditzaketela erakustea da erronka. Eli Ibarra da 300 partida horietara iritsi den lehena, baina laster igaroko dira etapa hortatik ligak irabazi zituzten beste hainbat jokalari ere. Letra maiuskularekin idatziriko futbolaren protagonistak, oraindik ere egun argitsuak gidatzeko gai badirenak.

Iker Zabala

2013, Urtarrila 02
Arloa: Kirolak