Minak irabazten duenean
Erretiroak garratzak dira naturaz. Jardun bat uztea eta fase berri bat hasi eta eraiki beharrak noraeza sortzen du, instant berean nostalgiko jartzeko punturarte. Erretiro guztietara aplikagarria da legea, baina egia da jubilazio batzuk beste batzuk baino goibelagoak direla. Ohikoa da esaterako, bizitza osoa lanean daraman gizon adinduaren poza somatzea laneko azken egunetik bueltan dela, nahiz eta jardundako denboraren oroitzapenak bizi somatzen dituen bular barnean; eta ez da ohikoegia, horrela, ezintasunaren aurkako borroka galdu ondoren erretiroa hartzea, era goiztiar eta tristean. Kirol munduak halako kasu ugari utzi dizkigu bere historian, eta euskal pilotak bere ordezkari bati agur esan dio hala, hain zuzen ere gazte hasi eta gazte erretiratu behar izan duen Patxi Ruiz nafarrari.
Bizkar arazoak konplikatuak izan ohi direla ondo badakigun heinean, ez da berriro ere atzelari dinamiko eta sortzaile hura izatera bueltatu 2010 inguruan bizkarrean mina hasi zitzaionetik. Orduan hasi zen Lizarrakoak biziriko kalbarioa, eta egun adierazten duen gisan, egungo hamarkadan ez du partidarik jokatzea lortu bizkarrean ziztada sentitu gabe. Saiakerak, ugariak, bai frontoi entrenamenduetan, baita koltsulta medikoetan ere. Bi ebakuntza egin zizkioten, eta bueltatzeak inoiz baino gertuago zirudienean, desorduan eta ezegoki azaldu zen fibrosia, mina ezabatzeaz urruti handitu ere egin zuena. Gauzak horrela, praka zuriak zintzilik uztera behartua egon da Patxi Ruiz.
32 urterekin, beste pilotari batzuentzat heldutze adina den horrekin, azken partida handirik ere ez du izan nafarrak, 2012ko urtarrilean ezartzen baita pilotalekuan egin zuen azken inkurtsioa. Bukaera goibela bere garaian frontoietako sentsazio izan zenarentzat. Historiarako geratuko da, horrela, 2003ko arratsalde hura, buruz buruko finalean Aimar Olaizola gainditu zuena, disziplinan inposatu den azken atzelaria bilakatuz.
Baina erretiroa gazte hartzeak beste ate batzuk ere irekitzen dituela ez ahaztea komeni da. Komunitate pilotazalea harritu duen urratsa izan bada ere, Ruiz berak erretiroaren erabakia aspaldi hartua zuela adierazi du, eta horrela, pilotari ondorengo bizitza ederki planifikatua dauka orain arte Asegarceko enpresan aritutakoak: urte guztia darama kirol masajista eta kiropraktiko ikasketak burutzen, beraz, akaso pilotaren jardunetik gertu somatzen jarraituko dugu Patxi Ruiz.