Historikoen itzulera

Iker Zabala

Betidanik esan izan da gauzen osasun egoera behatzeko ez dela komeni azalean geratzea. Iceberg-aren puntak erakutsi baino ezkutatu egiten baitu eta akaso gertaeren analisia desitxura dezake lagin txikiegi baten analisia burutzeak. Horrela, euskal futbol profesionalaren azterketa burutuko bagenu, lehen maila hertsira muga gintezke, eta bertan behatuko genuke nola, jakina den bezala, hiru talde sendo eta egonkortu diren: Athletic, Real Sociedad eta Osasuna. Hirurak euskal hiruburuetako ordezkariak, bere atzean gizarte babes nabarmena dutenak, eta futbolaren egoera orokorrarekin alderatuta, balantze ekonomiko ona dutenak.

Bada, hiru egoerak behatzea ez da nahikoa euskal futbolak ondo funtzionatzen duela adierazteko. Begira dezagun beherago, nola moldatzen dira itsasoaren azpian ezkutatzen den izotz zatiko ordezkariak? Esan izan da zenbaitetan, futbol profesionalaren irakurketa egiteko 2. B maila eremu egokia izan daitekeela. Talde gehientsuenek jokalariak mantentzeko gihar ekonomiko nahikoa daukate, nahiz eta kategoriako taldeak ez diren liga profesionalaren parte. Nolakoa izan da brontzezko futbolean euskal ordezkarien maila? Bada, gogoratzen den onenetarikoa ezbairik gabe.

kirolak 13 07 02 01

2. multzoan maila zoragarria eman dute euskal taldeek, eta hala, hiru klub sailkatu ziren igoera play-off-etarako, tartean Bilbao Athletic, instituzio bilbotarraren talde gaztea. Bizkaitarrek ezin izan zuten fase hau gainditu, baina ligaren ondorengoak oso albiste onak ekarri ditu beste bi instituzio historikorentzat. Eibar eta Alaves bigarren mailan izango dira hurrengo urtean, eta honek bientzat lorpen nabarmena suposatzen du, arrazoi ezberdinengatik. Eibarrentzat bere esentzia berreskuratzea delako, bere garaian zilar mailan denborada gehien kateatu zituen taldea izatera iritsi baitzen, eta bere humiltasun eta gauzak ondo egitetik lorpen handiak erdietsi izan dituelako. Eta Alavesentzat 2001ean UEFAko finala jokatu zuenetik gainbera etorri den taldea delako, etengabeko arazo ekonomikoak tarteko. Igoera honek, eta mailako txapeldun erabateko bilakatu izanak, inflexio puntua suposa dezakeela uste dute orain Gasteizko zaleek, eta orain arteko sufrimendua gutxinaka ahazten joan.


kirolak 13 07 02 02

Hasierako hausnarketara bueltatuta, Eibar eta Alavesen igoerek ez dute euskal futbolaren panorama askoz ere gehiago hornitzen, baina zeinu positiboak direla ezin uka. Eta horri gaineratu behar Amoribieta, Barakaldo edo Real Unionen lan bikaina, azkenik play-off-aren saria jaso ez badute ere; edo Peña Sport, Sanse edo Sestao River-en egonkortasuna. Soilik Izarra eta Osasuna B-ren jaitsierek iluntzen dute euskal futbolaren eboluzio ukaezina.

Garai ekonomikoak dena arriskuan jartzen duen uneotan, futbolaren oinarriak, duela urte batzuk horren irmoki errotuak ziruditenak, etengabe balantzaka somatzen ditugu egun. Bada, Euskal Herria salbuespena denik ez dugu esango, baina kirol emaitzei so eginda, gauzak horren gaizki egiten ez direnaren zeinuak behatuko ditugu.

Iker Zabala

2013, Uztaila 02
Arloa: Kirolak