Ukabil eta oinen bidean
Uda garaia lasaitasun tartea izaten da gehienontzat, eta kirolari ugarik ere denboradan zehar eginikoaren ondorengo atsedena izaten dute eguzki aroan. Alderantziz bizi direnak ere badira, halere, hau da, urte guztian zehar udan eutsi beharreko erronkei aurre egiteko prestaketa burutzen dute, uztail edo abuztuko txapelketetarako trebakuntza muturreraino doituz. Hortxe ditugu arrauna edo txirrindularitza, urrutira joan gabe; udako txapelketa esanguratsuek adierazten dute, urtetik urtera, nor den disziplinako erregea, eta horrela kirolari hauek urte guztirako zaporea, gozoa edo mingotsa, izango dute ahoan.
Urte guztiko sentsazioa baino gehiago jokoan dutenak ere badira gure kirolarien artean. Egin diezaiogun tarte Elaia Torrontegi Bizkaiko taekwondo borrokalariari. 32 urterekin bere ibilibideko azken aukeretako bat izango da ezbairik gabe Puebla herri mexikarrean burutzear den munduko txapelketa. Azken aukera diogu, ez halere orain arteko bidea urria izan delako: plentziakoak hiru aldiz irabazi du Espainiako txapelketa, 46 kilo azpiko tartean, eta azken Europako txapelketa zoragarria burutu zuen, txapeldunorde sailkatzearaino. Denarekin, munduko txapelketa eta joko olinpikoak dira arte martzialen arloan traszendentzia gehien pilatzen duten lehiaketak, eta Torrontegik jadanik zail dauka joko olinpikoetan parte hartzea, Londoneko 2012ko edizioan erreserbako taldean izan ondoren.
Horrela, herrialde amerikarrean izango den txapelketa honek lehen mailako arrakasta erdiesteko abagunea suposatzeaz bat, taekwondoaren testuinguruan izena hitz larriz idazteko azken aukeretako bat izan daiteke. Eta hortarako argudio sendoak eskaintzen ditu Bizkaiko kostaldean hazitako kirolari honek. Izan ere, sasoi ezinhobean dago Torrontegi, podium-era igotzeko aukerak izateraino.
Domina horren borrokan izango dira halere, beste hainbat aurkari sendo, Europako hainbat herrialdetatik iritsiak, eta batez ere Japonia eta Koreako aurkariak. Azken hauek izan dira, inongo zalantzarik gabe, milurteetan garaturiko kirol honen irabazle nabarmenenak tradizionalki, nahiz eta azken urteetan garaikurren jatorria dexente aniztu. Denarekin, aurtengo munduko txapelketan faborito handiak ez egoteaz gainera, beste aldagai bat ere hartu behar da kontuan, aurreikuspenak are eta zailago bilakatzen dituena.
Izan ere, Puebla altitude handiko herria da, itsasotik 2.000 metro baino gehiagora kokatua, eta halakoetan oso zaila izaten da lehiatzea, arnas hartzea zailagoa den heinean giza gorputza gehiago nekatzen baita. Beraz erresistentzia fisikoak garrantzi bikoitza izan dezakeen heinean, prestakuntza berezia bideratu du Torrontegik, Espainiako hegoaldean den Sierra Nevada mendikatean, lehiaketarekiko altuera berdintsuan.
Taekwondoren kirolaren izenak berak adierazten du, korearretik harturiko azepzioak erkatuz, ukabilaren eta oinaren bidea dela kirolak osatzen duena. Ukabil eta oinak urteetan zehar trebatuak ditu Torrontegik, eta bere unea iritsi denaren sentsazioa dauka plentziarrak. Mexikotik domina zintzilik dakarrela bueltatzeko anbizioak arnas gabezia eta itolarria gaindi dezakeela frogatzeko unea da.