Garaipenen desberdintasuna
Noiz gozatzen da gehiago ikusle bezala bizitzen ditugun kirol lehiaketekin? Gustagarria izaten da kirolari baten garaipen distiratsuak behatzea, duda bakarra ere onartzen ez duten arrakastak, gauzak ezin hobeto egitearen ondorio ukaezinak. Halaber, bi borrokalariren arteko norgehiagoka biziak ere aseturik uzten du ikuslea, agian are gehiago, jardueraren natura bere gain hartzen duen joera baita. Ring-era igotzen diren bi boxealariren arteko lehian, era desberdinean goza daiteke bietako batek gauzatu dezakeen eskuinkada boteretsu eta indartsuez, baina azken unerarteko izerdia eskatzen duen borroka zirraragarriaren balioa askoz ere handiagoa da akaso.
Horrela, denborada hontako ziklocrossak dominatzaile garbi bezain merezirikoa dauka. Aitor Hernandez txirrindulari ermuatarrak estatu zein Euskal Herrian gauzaturiko probetan maila zoragarria eman du, eta hala, zortzi proba erreskadan irabazi ditu, denak erabateko nagusitasuna adieraziz, eta zirkuito lehor zein lokaztuetan teknika eta estrategia bikainak erakutsiz. Horrela, iazko urrezko denboradari (gogora dezagun Espainiako txapeldun izatea lortu zuela estreineko aldiz) segida ematen dio bizkaitarrak.
Bere aurkariek ere maila ona erakutsi izan dute. Javier Ruiz de Larrinaga arabarrak, esaterako, sentsazio onak lortu ditu Europan lehiaturiko probetan, baina bere maila Hernandezenarekin neurtu duenean, Ermuakoak bere nagusitasuna azaldu du, Larrinaga podiumeko kutxa baxuetan utziz. Beste aurkari bat geratzen zitzaion oraindik ere, halere. Egoitz Murgoitio elorriotarrak ez zituen denboradako lehen euskal probak lehiatu, munduko kopako lehiaketak izan baititu begiz jota. Hauetan duin egon ondoren, zenbaitetan lehen 10en artean sailkatzetik gertu, Hernandez erraldoiari tamaina hartzeko xedez heldu da. Lehen probetan, ezin. Laudio, Muskiz eta Arbulon gaindiezina izan zen berriro ere Ermuakoaren maila. Hala iritsi gara Elorrioko ziklocross probara, Murgotio abadiñotarraren etxetik gertu lehiatu den txapelketara. Hasieratik Murgoitiok bere barnean zuen grina ateratzea lortu du, eta euskal lokatzeko bizikletan oraindik ere lehiarako tartea badela erakutsi du. Era epikoan erakutsi gainera, izan ere, azken itzulian erorketa pairatu du bizkaitarrak eta kostata iritsi da horrela, txaloartean eta garaile, helmugara.
Beraz, ederra izan bada Aitor Hernandezen pedalkada garaileen bolada hau behatzea, Murgoitioren hautagaitza jokoan sartu izanak gatz berezia ematen dio ezbairik gabe euskal ziklocross-ari. Aurkaria gainditzeko norberaren maila estutu behar izateak ikuskizuna beste dimentsio batetara eramaten duela ezin uka.