Internet, gizartea aldatzeko tresna
Amerikar militarren eskutik sortuta, gizarteratu zenean Internet sare libre eta kontrolaezin moduan aurkeztu ziguten. Hori zen bere dohain nagusia, eraso militar baten aurrean suntsiezina izatea. Denboraren porazuz eta erabilera zibila nagusitu denez, boterea dutenentzat mehatxua da askatasun hori eta legeen bidez murriztu nahi dute. Komunikatzeko eta informazioa lortzeko oso baliagarria denez, dudarik gabe esan daiteke gizartearentzat ona dela Internet. Baina gizartean eragiteko tresna ere bada, hedabideetan ahotsik izaten ez dutenek Internet baitute adierazpide librea. Amaitu da komunikabide ofizialen monopolioa. Edonork zabal dezake bere mezua sarean, edonor bihur daiteke erreportari eta, mezua ondo bideratuz gero, ondo hedatuko da. Horretarako komeni da jende gehiagoren babesa, talde lana. Indymedia ekimen kolektibo eta independientea da, jende askoren artean antolatutako komunikabide alternatiboa. Edonor izan daiteke erreportaria edo iritzi emailea. Ohiko komunikabideetan oso zaila dute herritarrek euren informazioak ematea edo iritziak ematea, jasotzaile hutsak izaten dira. Indymedian internautak dira irakurle, idazle eta komunikabide horren kudeatzaileak. Globalizazioaren aurkako mugimendutik sortua, Indymedian ez dute soilik globalizazioaz edo nazioarteko gaiez jarduten, tokian tokiko albisteak ere jorratzen baitituzte. "Ekin lokalki" leloari jarraiki, leku askotan sortzen ari dira Indymediak, Euskal Herrian esaterako. Indymedia Euskal Herriak urtebete darama martxan eta bertoko informazioak jorratzen, hemen gertatutakoak mundura zabaltzeaz gain. Horretaz gain, komunikabide lokal partehartzaileak sortzen ari dira. Gurean, sustatu.com dugu adibide bat, baina herri bakoitzeko gaurkotasuna jarraitzen dutenak ere badira Mutrikun atxukale.com eta Azpeitian uztarria.com ditugu tokian tokiko komunikabideak. Askatasuna "besteei entzun nahi ez dutena esateko eskubidea" zela esan zuen George Orwellek eta hori frogatu dute hainbat lagunek, Irakeko gerra dela eta, amerikar gizarteari telebistak esaten ziena gezurtatuz. Ehunka telebista kate edukitzeak ez dakar derrigorrez aniztasun informatiboa eta, Irakeko kasuan, beste bertsio bat nahi zuten amerikarrek Internetera jo behar izan dute, terrorismoaren aurkako gerraren izenean ohiko komunikabideek bat egin baitute gobernuarekin. Bertatik bertara informatu duten kazetari independiente batzuek euren web-guneetatik eman dute informazioa. Hala Christopher Allbriton-ek nola Kevin Sites-ek, bakoitzak bere web-gune pertsonalaren bidez, zentsurarik gabeko informazioak eman dizkigute. Salam Pax ezizeneko irakiarrak, berriz, irakiarren berri eman zigun Bagdadetik, bonbardaketek eta inbasioak eragindako sarraskiak kontatuz. Gerraren kontrako hainbat web-gune ere izan dira, no war blog kasu gizartea mugiarazteko ere balio duela frogatuta geratu da. Informazio ezberdinak egoteak, kontrastea esaten zaiona egoteak botereari kalte egin diezaiokeenez, gero eta muga gehiago jartzen ari dira gobernuak Interneten, lege murriztaileak eta kontrolatzaileak ezarriz, baina esan daiteke sarea oraindik eremu librea dela, herrialdean bertarako sarbidera mugatuta ez badago. Prestigeren adibidea Prestige petrolio-untziaren hondoratzeak eragindako marea beltzaren ingurukoa izan da sarearen garrantzia islatu duen azken gertaera. Nahasmen handia izan zen lehenengo uneetan, agintariek eta estatuko telebista nagusiek marea beltzik ez zegoela esan arren, kontrakoa esaten hasi baitziren Costa da Morten bertan bizi direnak. Alarma Interneten bidez piztu zen eta ondoren ere sarean bakarrik eskuratu ahal izan dira informazio asko. Hasieratik atal berezia osatzen hasi zen Vieiros galizierazko atarian, informazioak bilduz eta bertsio ofiziala ezeztatuz. Bertan ere hartu du ostatu aktoreek, idazleek, irakasleak eta pentsalariak biltzen dituen Burla Negra plataformak. Marea beltza kostaldera heldu orduko sortu zen Nunca Mais plataforma, Galiziako ehunka elkarte biltzen dituen antolakuntza. Gizarteko sektore asko bildu dira protesta ekintza nagusiak koordinatu dituen plataforma honetan. Baina tokian-tokiko informazio guneak bat-batean nazioarteko arreta guneak bilakatu dira, Costa da Morteko Finisterrae albistegia kasu. Vigoko Unibertsitateko webgunean marea beltzaren inguruko datuak bildu dituzte ikuspegi zientifiko eta objektibo batetik. Gauza bera egiten dute, ornitologiaren ikuspuntutik Espainiako ornitologia elkartean. Gertaeren kronologia aurkituko dugu Chapapote no Grobe web-gunean. Giro kritiko honetan umorea ere ez da falta izan eta, kasu honetan, "umore beltza" esatea inoiz baino aproposagoa da. Galiziako hainbat marrazkilarik euren lanak bildu dituzte chapapote.org web-gune ikusgarrian. Baina nahiko ikusgarriak dira berez petrolioak zikindutako guneen argazkiak, Galizian eta Galiziatik kanpo ere. Esaterako, Kantabrian izan den marea beltza salatzeko webguneak ipini dituzte, negargura eragiten duten argazki sortekin. Antzeko irudiak ikus ditzakegu Asturiaseko web-gune honetan, hegazkin eta dortoka hilen argazkiekin batera. Gurean ere, protesta webgunerik izan da eta ekologistek salatu dutenez, "Espainiako Estatuak zein Eusko Jaurlaritzak lanaren zati handiena egin gabe utzi dute" kostaldearen zatirik handiena hartzen duten haitzak oraindik garbitu gabe daudela diote, hondartzak eta portuak, jendearen eta telebista kameren bistan daudenak egunero garbitzen dituzten bitartean. Erantzukizunak eskatuz banner kanpainia abian jarri zuen web-gune batek. Esku hartzeko nahikoa da bannerra jartzea lotura batekin. Bertan aurkituko ditugu kanpainan esku hartzen duten beste web-guneen helbideak. Profitatu duten beste baliabide telematiko bat berriketa dugu. Prestige izeneko chat kanala ere zabaldu dute internauta batzuek, marea beltzari buruzko berriketan jarduteko. Blog edo weblog pertsonaletan islatu da Prestigeren afera. Arlo honetan nabarmendu behar dira Suso de Toro idazlearen webgunea edo Blogaliza, galizierazko bitakoren aurkibidea. Erakunde ekologistek ere islatu dute hondamendia euren web-guneetan. Esaterako, Ecologistas en Accion edo Galiziako ADEGA elkarteek informazioa biltzeaz gain boluntarioen lana koordinatu dute. Bistan da gai honi buruzko informazio eta lotura piloa sarean bertan aurki dezakegula. Honek erakusten du gizartea aldatzeko indarra duela sareak eta, zentsura saiakerak gora-behera, informazioa libre den eremua dugula egun.