Posta elektronikoa ganoraz erabili:
Spam-ari ez.
Nork ez du inoiz eskatu gabeko publizitate mezurik jaso? Gure etxeko postontzian noizean behin agertzen diren publizitate paperak kentzea nekagarria izan daitekeen bezala, e-postaz jasotzen ditugun eskatu bako publizitate mezuak izurritea bilaka daitezke eta, zenbait kasutan, helbidez aldatzera bultzatzen dute jasotzailea, egunero ehunka mezu aukeratzen eta garbitzen ibiltzea ezinezkoa bihurtzen denean. Spam esaten zaio eskatu gabeko zabor-publizitate mezuen fenomenoari eta posta elektronikoaren erabilera hazi ahala areagotuz joan den arazoa dugu. Dagoeneko bada e-posta hiltzat ematen duenik, eraginkorragoa den beste zerbait asmatu beharko delako. Izan ere, une honetan ziberespazioan dabiltzan mezuen %40 spam dira eta kopurua etengabe haziz doa, postontzietan ez ezik zerbitzarietan eta trafikoan arazoak eraginez. Sareko tresnarik zaharrena eta eraginkorrena izan dena gaindi egiten ari da arimarik gabeko saltzaileen erruagatik. Ohiko spam mezuek sexua iragartzen dute, sartzeagatik kobratuko diguten web helbideak iragarriz, Viagra merkea salduko digutela esango digute edo guri iruzur egiten saiatuko da Nigeriako gobernu kide ohia dela dioen batek, biderkatuta itzuliko digun diru mailegua eskatuta. Beste batzuetan inprimagailurako toner tinta merkea agintzen digute... Mila amuzki ipiniko digute, ea baten bati tenk egiten diogun. Publizitate bide molestagarri honen ugaltzearen arrazoi nagusia ekonomikoa da, oso merkea baita mezu bat milioika laguni bidaltzea. Publizitate bide bat eraginkorra den ala ez publizitatearen kostuarekin alderatuz ikusten da. Posta elektronikoaren kasuan nahikoa da mila mezutik batek arrakasta izatea, hau da, iragartzen duena baten batek erostea. Hala ere, spammer-ek gure helbidea lortu behar dute, gehienetan milioika helbide saltzen dituen beste bati erosita edo era guztietako trikimailuak erabilita. Helbideak saltzen dituztenek ere spam-a erabiltzen dute euren milioika helbideko datu baseak iragartzeko eta euren spam banaketa zerbitzua iragartzeko. Baina helbide saltzaile horiek nola eskuratu dute gurea? Baliteke jasotzen dugun spam horren arduradun nagusiak geu izatea, ez baitugu e-posta behar den bezala erabili eta gure helbidea hedatu dugu nahi gabe, spammer-en eskuetara helaraziz. Mezu kateak dira abiapuntua Guk gure lagunekin baino ez badaukagu harreman telematikorik, nola liteke gure helbide sortu berrira jada spam mezuak etengabe heltzen aritzea? Ziur aski hoax edo kate batean esku hartu dugulako izango da edo katea geuk abian jarri dugulako: gehienetan mezu barregarri bat jaso dugu, "Zabaldu hau zure lagunen artean" moduko izenburukoa eta gure lagun guztiei berbidali diegu argazki, txiste edo animazio hori ikus dezaten. Jaso dugunean ikusi dugu gure lagun batek bidalia dela, bere lagun guztien helbideak jarri baititu To: (Nori edo Para, programaren arabera) edo Cc: eremuetan. Erreparatu dugu, halaber, jada mezuaren gorputzean hainbat e-posta helbide ageri direla, berak ere beste norbaitengandik jaso duen seinale. Hala ere, helbide horiek ikutu gabe, guk gure kontaktu guztiei berbidaltzeko agindu diogu ordenagailuari. Mezu bat sortzean edo mezu bat berbidaltzean, gure lagunen helbideak To: edo Cc: eremuetan jarriz gero, agerian geratuko dira eta jasotzaile guztiek ikusiko dituzte helbideok. Are gehiago, haietako batek mezua bere horretan beste bati edo beste batzuei berbidaliz gero, gure lagunen helbideak mezuaren gorputzean geratuko dira iltzatuta. Handik egun batzuetara, mezua oso barregarria bazen, baliteke gure e-posta helbide pribatua milaka lagunen ordenagailuetan egotea. Une honetara helduta ohikoak diren bi gauza gerta daitezke: gure helbidea eta gure lagunenak spammer baten eskuetan jaustea edo milaka ordenagailu horietako batek birusa harrapatzea eta gure helbidera ere birusak bidaltzen hastea. Normalean gauza biak gertatuko dira.