Musikari berrientzako aukerak sarean

Jabi Zabala

Sar12_1.jpgInternetek laguntza handia eman diezaioke jotzen hasi berri den talde bati. Musikaren zabalkunderako eta taldea ezagutarazteko balio du, baina honetan ere lan pixkat egitea beharrezkoa izango dugu, sareak ez baitigu dena egingo. Diskoak saltzen aberastea pentsatu baduzu, hobe duzu kontu hori ahanztea, musikaren betiko dinosauro zaharrak eta egungo izar handiak ezezik inor ez baita gaur egun bide horretatik aberasten. Top manta delakoak batetik eta musika doan eskura daitekeen truke libreko sareek bestetik, ezinezkoa bihurtu dute negozio eredu hori. Gaur egun Euskal Herrian ateratzen diren disko gehienek oso diru gutxi ematen dute, grabaketa, edizio eta banaketa kostuak ordaintzeko ia ez da heltzen, oso kopia gutxi saltzen direlako. Disko guztiak berehala salduta ere, musikarientzat oso mozkin gutxi geratzen da, baina hori ez da inportanteena. "Euskadin rokanrolak ez du inoiz dirurik emanen", zioen Hertzainak taldearen abesti batek duela 20 urte, baina arlo horretan ez da ezer onerako aldatu. Dirua irabazteko edo behintzat profesionalizatzeko ustea duenak jakin badaki zuzeneko emanaldiak direla sos batzuk eskuratzeko bide bakarra. Baina horretarako, lehendabiziko urratsa gure buruak eta gure musika ezagutaraztea da eta Interneteko hainbat tresna erabil daitezke gaur egun hori lortzeko. Taldea badaukagu, hainbat orduz lokalean trebatu ostean osatu dugun errepertorioa maketa edo disko batean argitaratzea izango da lehenengo urrats inportantea. Hala ere, disko bat ateratzea ez da hasieran dirudien bezain erraza, betiko bidea jarraitzen badugu behintzat. Hasteko, ganorazko grabaketa egin beharra dago eta hori estudio batean egitea ezinbestekoa da. Hala ere, nork bere grabaketa egitea posiblea da orain ordenagailuei eta Garageband bezalako programari esker. Edozein modutan, seguruenik estudio batetik igaro beharko dugu grabaketa itxurosoa aterako bada. Hurrengo urratsak diskoa diseinatzea, kopiak egitea eta banatzea izango dira. Ohiko bide komertzialetik doazen taldeak, pixkat ezagunak edo onak direla frogatu behar dute disketxe batek bere baitan har ditzan eta lan horien ardura har dezan. Dena dela, hasi berria den taldeak beti bere kabuz argitaratu behar izaten du lehenengo maketa. Taldeen promoziorako zerbitzuak egon badaude, baina azkenean Webgunea egitea ezinbestekoa egingo zaigu, sarean taldearen erreferentzia nagusia izango baita. Bertan gure taldearen biografia, gure musikaren deskribapena eta datu interesgarriak jarri behar ditugu. Oso inportantea da argazki batzuk jartzea, pantailan ikusteko modukoak zein kalitate eta neurri handikoak, prentsa idatzian kazetariek erabili ahal izan ditzaten. Noski, gure webgunean abesti batzuk edo maketako abesti guztiak jar ditzakegu MP3 formatoan. Erakusgarri moduan bakoitzaren zati bat ipini dezakegu edo abestiak oso-osorik, guk nahiago duguna egin dezakegu. Ondoren, posta elektronikoa erabil dezakegu gure taldearen promoziorako, spam-ean jausi gabe eta jasotzaileen helbideak izkutuan geratuko diren Bcc: eremuan jarrita. Disketxeei, kontzertu aretoei, gaztetxe, elkarte eta jai batzordeei emango diegu ondoren gure berri, mezu elektronikoak bidaliz eta kontakturako izenak eta telefonoak emanez. Bide librea Sareak bultzatu duen software librearen filosofia berria musikagintzara ere heldu da eta copyleft lizentziapean argitaratzen duten musika taldeak hasi dira agertzen. Bilboko MCD taldea izan zen aitzindaria gurean eta ondorengo Motorsex taldeak bide hori jarraitu du. Funtsean, copyright kontzeptuaren ararabera, lan intelektual baten egileak (kasu honetan abestiez ari gara, baina margoak, eskulturak edo idazkiak izan daitezke) kopiak egiteko baimena gordetzen du, originala bere baita. Kopia horiengatik kobratu nahi badu eskubidea du eta berak ezarriko du kopia bakoitzaren salneurria. Kontrakoa da copyleft filosofia, jendeari nahi beste kopia egin dezan baimentzen duena. Arazoa Espainian dagoen SGAE elkartearekin gertatzen da. Elkarte boteretsu honek bere bazkide artisten egile eskubideak kudeatzeko ardura hartzen du eta, nahiz eta artistak une baten eskubide horiei uko egin, elkarteak kobratzen jarraitu nahi izango du horiengatik. Tabernei musika jartzeagatik, irratiei emititzeagatik, antolatzaileei kontzertuak egiteagatik... Denei kobratu nahi die SGAEk dirua, elkarte pribatua izan arren. Baina SGAEk artisten artean diru hori banatzeko duen erarekin pozik ez dauden artista asko musika librearen mugimendura ari dira pasatzen. Copyleft mugimenduko artistak ez dira SGAEko kide edo ez dute nahi euren eskubideak elkarte horrek kudeatzea. Motorsex-ez gain, gurean Lendakaris Muertos eta Oikobras taldeek ere beren kantak ematen dituzte sarean, baina banaketa librearen defentsa sutsua eta azalpen mordoa Kataluniako La Mundial funk taldearen webgunean aurkituko duzue. Oso interesgarria da bertan aurkituko dugun aholku piloa, gure musika libreki banatzeko. Motorsex-en moduan, euren webgunean diskoaren osagarri guztiak aurkituko ditugu, geuk etxean kopiak egin ahal izateko. Abestiak MP3 formatoan eskuratzeaz gain, diskoaren azalak, liburuxkak eta CDaren gainean inprimatzeko gailetak eskura ditzakegu.

Jabi Zabala

2004, Azaroa 01
Arloa: Sarean