Ordenagailu libre eta euskaldunak
Gure arteko ordenagailu gehienek Windows sistema eragilea erabiltzen dute, baina, azken finean, hori aukera bat besterik ez da eta badira beste sistema batzuk. Gero eta gehiago entzuten da ordenagailu askok, Windows edo Macintosh sistema erabili barik Linux erabiltzen dutela. Sistema librea da Linux, filosofia iraultzailekoa, doakoa eta ahalmen handikoa. Gainera euskaraz ere badaki, birusen aurrean seguruagoa da eta aurki ikastola eta liburutegi publikoetako ordenagailuetan ikusiko dugu. Windows jabedun sistema da, Microsoft enpresarena. Berau erabiltzeko lizentzia ordaindu behar zaio Microsoft-i, baina jende askok ordaindu gabe erabiltzen du Windows. Euskal Herrian erabiltzaileen erdiak inguru bertsio pirata du instalatuta bere makinan. Microsoft gero eta traba gehiago ari da jartzen Windows ordaindu gabe erabiltzen dutenei. Laster abian jarriko duen identifikazio programak horiei hobekuntzak ukatuko dizkie. Ondorioz, jende askok Windows ilegal horiek baztertu eta Linux libre eta legezkoa erabiltzen hasiko dela uste dute adituek, lizentziak ordaintzea eskatzen ez duelako. Datozen urteotan software libreak garapen izugarria izango duela aurreikusten dute adituek. Administrazio publiko asko Linux erabiltzen hasiko dira eta morrontza teknologikotik askatzen. Batez ere herrialde pobreetako zenbait gobernu izan dira konturatzen lehenengoak lizentziak ordaintzeak dakarrenaz. Esaterako, Brasilgo gobernua guztiz sinistuta dago software librea herrialde azpigaratuentzako tresna informatiko bakarra izan behar duela eta bere Linux banaketak garatzen ari da, herrialde osoko administrazio eta eskoletan ezartzeko. Horretaz konturatu da Microsoft eta, fundazio baten bidez, herrialde horietan Windowsdun ordenagailuak ezarri nahi ditu. Namibiako Schoolnet elkartea, horretaz konturatuta, ezetz erantzun zion Microsoft-en "laguntza" eskariari, enpresak Office programa sortaren 2.000 dolarreko salneurria zuten lizentziak eskaini baizizkion elkarteari, honek Windowsen lizentziak erosiz 9.000 dolarreko gastua egiten bazuen. Windows-ekin jarraitzea dependentzia teknologikoan sakontzeko bidea zela erantzunez. Garapen bidean dauden herrialdeek ere lizentzien morrontzatik askatzeko bidea ikusi dute software librean, jakintza eta aurrerapena diruaren mende egon ez dadin. Duela gutxi, Linuxen eraginez bere irabaziak kolokan dituen Bill Gatesek, software librea gutxietsi nahian, halako "komunismo modernoa" dela esan du, softwareagatik ordaintzea. Programa horiek eskuratzeko muga ekonomikoak ezabatuta, oraindik konexioaren arazoa lotzen zaigu, planeta osoak sarerako doako sarbidea izatea. Mundu osoak Interneterako sarbidea duenean, orduan lortuko da entziklopedisten ametsa, jakintzaren unibertsalizazioa. Non erosi dezaket eta zenbat ordaindu beharko dut sistema hori instalatzeko? Sistema libreak doakoak dira. Sareko hainbat lekutatik deskargatu daitezke ezer ordaindu gabe. Normalki, CD bat osa dezagun, 700 Megabyteko ISO artxibo handi bat edo bi eskuratu behar izango ditugu, beraz, hobe izango dugu ADSL edo kable konexio indartsua edukitzea artxibo horiek eskuratzeko. Linux sistemaren bihotza bakarra izanik, banaketa izeneko sortetan instalatzen eta banatzen dira. Banaketa bakoitzak, Linux sistemaz gain, makinak funtzionatzeko behar dituen programa guztiak dakartza: nabigatzaileak, idazteko programa, kalkulagailua, jokoak, zientzia aplikazioak, filmak ikustekoak, musika edo sareko irratiak entzutekoak... Geroago ere, nahi izanez gero, programa jakinen bat eskuratzeko aukera izango dugu edozein momentutan. Izan ere, sarean badira Linux sistemarako denetariko programak biltzen dituzten webguneak, Source Forge kasu. Gainera, programa hauek sistema beraren filosofia jarraitzen dute: doakoak dira eta gainera kode irekikoak, hau da, sortzaileak baimena ematen die beste programatzaileei programa aldatu eta hobetzeko, hobekuntzaren emaitza komunitatearen onerako izango delakoan. Mandrake izeneko banaketa sarean eskura daiteke, doan eta euskaraz. Eusko Jaurlaritzaren Euskarazko softwarea atalean. Bertatik Mandrake Linux 10 Euskaraz jaitsi dezakegu gure ordenagailura (713 Megabyte). Ondoren, ISO artxibo hori CDra pasatu eta handik instalatu dezakegu Mandrake euskaraz. Ez dugu zertan Windows kendu, instalazio programak berak gure diskoa erdibituko baitu, edozein momentutan zein sistemarekin abiatu aukeratu ahal izan dezagun. Beste programa libreak Sistema eragilea ezezik, badira software libreko beste programa asko, haietako batzuk Windows sisteman ibiltzeko eginak. Esaterako, orain oso ospetsua bihurtu den Firefox nabigatzailea, Explorer baino hobea dena edo bere bertsio osatuagoa den Mozilla sorta. Testuak idazteko, kalkulu orriak egiteko eta datu baseak osatzeko Office programa erabiltzen den bitartean, haren bertsio librea da OpenOffice.org bikaina. Bada, haren euskarazko bertsioa ere aurkituko dugu lehen aipatutako helbidean. Bestelako banaketak ere badira, zeregin zehatz batzuetarako aplikazioekin, leku jakin batean erabiltzeko konexio datuak eta logotipoak dituztenak. Esaterako, Extremadurako gobernuak bertan banatu duen Linex oso famatua eta eredugarria bihurtu da munduan, instalatzeko CDen banaketa masiboa egin baizuen hango gobernuak biztanleen artean. Badira Andaluziako Guadalinex, Valentziako Lliurex eta Aragoeko Augustusx. Laster Gipuzkoako Foru Aldundiak Ginex banaketa gipuzkoarra herritarren artean banatzea espero du... Dagoeneko badugu gure ordenagailua erabat aldatu eta bide librean abiatzeko aukerarik. Ausartuko zara bide librean lehenengo urratsa ematen?