Euskal blogosferaren aurrerapausuak

Jabi Zabala

sa17.jpgGero eta gehiago dira sarean euskaraz euren bitakora edo blog pertsonalak idaztera animatzen direnak. Azken hilabeteotan blog berri mordoa sortu dira gure hizkuntzan, era guztietakoak. Horien inguruan zerbitzu berriak sortu dira, hazten ari den informazio eskaintza berri honi laguntza emateko. Esaterako, Debagoieneko goiena.net atariak nork bere bloga (euskarazkoa bada) jartzeko ostatatze zerbitzua zabaldu du, eibar.org elkarteak bezala, eta Aurki bilatzaileak euskal blogosfera gazte honen albiste berri guztiak biltzen ditu leku bakarrean. Irakaskuntzan hasi dira erabiltzen bitakorak. Adibidez, Leioako ikasle batzuek Berriemaile plataforma erabiltzen dute eta bertan, besteak beste, Iker, Inhar, Garaxi, Txarroalde eta beste ehunka bitakora topatuko ditugu, batzuk besteak baino eguneratuagoak. Deustuko beste batzuek bertako Littera zerbitzuan idazten dute. Nork bere bloga edukita, euren eskolako lanez gain, nahi dutena esateko bidea dute. Baina azken hilabeteotako urratsik garrantzitsuena Aurki bilatzaileak eman du, euskarazko albisteen eta bitakoren azken ordua jasotzen duen zerbitzua bilakatuta. Dagoeneko ez ditugu blog guztiak banaka bisitatu behar, bakoitzaren artikulu berriek zer dioten ikusteko. Blog hauek denetarikoak dira, gaiei, estiloari eta erabiltzen duten edizio sistemari dagokionez. Idazle bezala lehendik ezagunak genituen batzuk hasi dira bakoitza bere bitakoran idazten, Xabier Mendiguren Elizegi edo Julen Gabiria kasu. Blogaren bidez idazteko erraztasuna eta kalitatea dutela erakusten dute beste batzuek, Katixa Agirre gazteak kasu. Blog kolektiboak ere badira, adibidez "Pogmothoin" literatur bandaren Esan ziguten baietz izenekoa. Bere bokazioa aurkitu duenik ere bada, esaterako, ia egunero gogoeta edo iruzkin interesgarriren bat idazten duen Patxi Trapero ezizeneko blogista. Blog teknofiloak sortu dira, Eneko Astigarragaren Prospektiba, Gari Araolazaren Teknosexua, Igor Leturiarena edo irratia.com irrati-bitakora. Pertsonalak, Etiam, Obabatxue, Gaztelumendi edo Olegario McArrovski izeneko batek idatzitako Bloga, Bloga, Marinela izenburukoa. Eta zuk zer? Nahi duenak sor dezake blog bat, esaterako, Blogger zerbitzua erabiliz. Errazena da hori hasteko. Aukera gehiago eta diseinu aukera gehiago eskaintzen dute, adibidez, Wordpress sisteman eginikoek, baina Blogger zerbitzua erabiliz hiru minututan gure bitakora egina dago, idazten hastea norberaren esku geratzen da. MacGyver euskaldunen aurka Zeresan handia eman du sarean.com webgunean eskegita dagoen MacGyver telesaileko atal baten zatiak, batez ere ETBko La Noche de saioan agertu zenez gero. MacGyver ataka guztietatik onik ateratzen dakien abenturazale ausarta da, mila pasadizotan era guztietako gaiztoen aurka borrokatzen dena. 1985ean grabatutako atal horren hasieran Piriniotan amerikar andre bat bahituta daukaten euskaldun batzuei aurre egitea egokitu zaio... Baina euskaldun arraro xamarrak dira amerikarrek bertan itxuratutakoak: hegoamerikar itxura dute eta bananaz apaindutako "Pirinioek" ez dute ematen kontinente honetakoak. Benetako euskaldunekin antzik ere ez dute gerrilari horiek, baina horren kontura barre batzuk egiteko balio digu behintzat. Vigalondoren film laburra Berak sorturiko film labur batekin Hollywood-eko Oscar saria irabaztekotan izan da Nacho Vigalondo, gurean bizi den zinemagile kantabriarra. Webgunea ere badu eta bertan, bere bitakora irakurtzeaz gain, denen ahotan ibili den 7:35 AM izeneko film laburra ikus daiteke. Oso egoera bitxia suertatzen da neska bat goizero gosaltzera joan ohi den taberna batean sartzean. Giro arraroa sumatuko du, jende guztia ixilik dago, baina bat-batean... Tira, hobe norberak ikustea. Quicktime programa eta ADSL edo kablea eduki behar da bideoa ikusteko, 20 Megabyteko pisua baitauka. Horrez gain, Vigalondoren beste labur batzuk ere ikus daitezke bertan. Soinuaren Hotsa Euskal Herriko Tritikixa Elkartearen webguneaz gain, elkarteak abian jarri du Soinuaren Hotsa webgune berria trikimailua.com helbidean. Trikitixak dakarren ondarea transmititu nahi dute honen bidez eta horregatik material ugari jarri dute bertan, besteak beste, trikitixak historian pairatu dituen debekuen eta pasadizu barregarrien inguruko testuak. Datuez gain, argazkiak, datu bitxiak eta pieza osoak jarri dituzte mp3 formatoan, hitzekin eta partiturekin. Trikitilariak izan duen eta duen funtzio soziala nabarmendu nahi izan dute didaktikoa eta aldi berean ludikoa izateko sortu duten webgune honetan.

Jabi Zabala

2005, Apirila 01
Arloa: Sarean