Google mapak eta Tagzania euskalduna

Jabi Zabala

sa21.jpgAzkenaldion sekulako arrakasta izaten ari da Google Maps zerbitzua, Aurtengo otsailean aurkeztu zuten zerbitzuak AEB eta Kanadako bazter guztiak biltzen ditu bertako mapa eta planoak eskaintzeko. Mapa alde batetik bestera mugi dezakezu, helbide zehatzak aurkitu, tokien argazkiak ikusi, eta guztia oso azkar dabilen interfaze batean. Gune bat aukeratu eta zoom-a hurbildu edo urrundu dezakegu, xehetasun handiko irudiak lortuz. Edozein momentutan pantailan daukagun aukera argazkitik mapara eta mapatik argazkira alda daiteke. Geroago hasi dira munduko beste bazter askotako irudiak eskaintzen, Europakoak besteak beste. Xehetasun handiko irudiak eskaintzen dituzte eta horrek hainbat lekutako segurtasuna kolokan jarriko duen beldurra ekarri du, edozeinek ikus baititzake gune militarrak, Moncloa edo Zarzuela jauregien irudiak, esaterako. Espainian diren amerikarren baseak ere ikus daitezke eta bada espioi hegazkinen argazkirik atera duenik ere. Baina Googleren zerbitzu honen ezaugarririk interesgarriena bere API irekia da, honek esan nahi du edozein programatzailek zerbitzua erabil dezakeela bere programekin konbinatuz. Horrela, Tagzania bezalako zerbitzu interesgarriak sortu dira Google Maps horretan oinarrituta. Tagzania webgunea mundu mailan arrakastatsua izateko xedez sortu dute uztailean Eibarko Code&Syntax enpresakoek. Tagzaniak mapa eta satelite irudi horiek konbinatzen ditu etiketen ezarpenarekin eta, hala, mapan edo argazkian nahi ditugun kokapenak nabarmendu ditzakegu, etiketa batzuen bidez deskribatu eta beste internauten esku jarri. Demagun Bilboko Lizardi euskaltegia non dagoen ikusi nahi dugula edo leku jakin batean ekitaldia antolatu dugula eta besteei non izango den adierazi nahi diegula. Adibidez, dagoeneko Bizkaiko leku askoren kokapena erakusten digu Tagzaniak, Lemoizko zentral nuklearra, Lekeitio edo Mallabiko Zengotita auzoa kasu. Iruñeko San Ferminetako entzierroaren ibilbidea egunez egun eta gorabehera guztiak ibilbideko leku zehatzetan kokatuta ikus genitzakeen Code&Syntax-en webgunean, Tagzaniaren aurrerapen moduan. Baietz lurra saltoka mugiarazi Modu sinkronizatuan planeta osoko 600 milioi lagunek salto eginez gero lurraren orbita aldatuko litzateke Municheko Hans Peter Niesward maisuaren arabera. Ondorioz, lurraren tenperatura jaitsi eta berotasun efektua gutxituko litzateke. Hori lortzeko webgunea ezarri dute, Word Jump Day izenekoa, bertan informazio gehiago lortzeko eta ekimen honetan izena emateko. Saltoa 2006ko uztailaren 20an egingo dute, momentuz izena emanda dauden 222 milioi lagunek. Saharatik.com Mendebaldeko Sahararekin gero eta harreman handiagoak ditugu euskaldunok aspaldion eta horren isla da sortu berri den saharatik.com webgunea. Lurralde okupatuen berri, gure herrietan antolatzen diren ekimenen berri eta hainbat bideo erreportaia eta dokumental eskuratu ahal izango ditugu, La Jaima irratsaioa astero entzun ahal izateaz gain, euren musika ere eskuratu ahal izango dugu. Erbestean, Aljeriako lurretan diren errefuxiatuen kanpamenduekiko elkartasun ekimen eta proiektuen gaineko informazioa ere aurkituko dugu informazio gune interesgarri honetan. Arantxa, ahots artifizial euskalduna Euskarazko ahotsak ezagutzeko eta sintetizatzeko gai den softwarearen bila ari dira azken urteotan hainbat enpresa elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren Aditu programaren baitan, horrelako programek hainbat aplikazio izan ditzaketeelako. Ahotsa ezagutzea gaitzagoa ei da, euskalki ezberdinek dituzten aldaera fonetikoak kontutan hartzeko gai izango den softwarea lortu behar baitute, baina sintetizazioaren bidean aurrerapausu ikusgarriak egiaztatu daitezke dagoeneko sarean. Testu bat idatzi eta euskaraz ahots zeharo naturalarekin irakurriko duen sintetizagailua osatu dute ScanSofteko RealSpeak aplikazioaren bidez. Arantxa bataiatu dute ahots hori eta enpresaren webgunean zein Eusko Jaurlaritzarenean proba daiteke.

Jabi Zabala

2005, Abuztua 01
Arloa: Sarean