VoIP bidez HITZ EGIN!

Kontaizu

sa29.jpgEz da inoiz hain erraza izan bi urruneko puntuen artean elkarrizketa bat mantentzea Internet eta komunikazio teknologia berriei esker. Gaurkoan komunikatzeko era bati buruz jardungo gara, zehazki VoIPari buruz. VoIPa, ahotsa Interneteko Protokoloaren bitartez garraiatzeko sistema da. Ahotsa garraiatzeko sistema honek Internet erabiltzen du ahotsa garraiatzeko eta beraz komunikazioak merkeagoak dira. VoIP bitartez komunikatzeko hainbat aukera daude, telefono linea arruntean jartzen diren gailu bereziak, ordenadoreari jartzen zaizkion telefono bereziak, etab. Gure kasuan aldiz, ordenadorea telefono bezala erabiltzeko aukera izango dugu aipagai. Gaur egun, bi ordenadoreen artean ahots bitartez elkarrizketa bat mantentzea dohainik da. Bai, ondo entzun duzue dohainik. Beraz zure telefono faktura txikitzeko aukera nabarmena duzu VoIP honekin. Zenbait enpresak eta partikularrek jada teknologia hau erabiltzen dute beraien artean komunikatzeko. VoIP bitartez komunikatzeko behar diren gauzak soinu txarteldun ordenagailu bat, Interneteko konexioa, mikrofono eta bozgorailu batzuk behar dira. Gure ordenagailuan hitz egiteko ahalmena emango digun programa bat instalatu behar dugu ondoren. Programa asko dago baina hauen artean ezagunena Skype da. Programa honi esker VoIPak oihartzun handiagoa izan du. Skype bitartez gure lagunekin hitz egiteko aukera dugu. Bat-bateko mezularitza programa baten funtzionamendu bera dauka. Hau da, zure zerrendara gehitutako lagunak konektatua dauden edo ez adierazten digu eta horiekin ahots elkarrizketa bat egiteko aukera ematen digu. Honez gain, testu bidezko komunikazioa eta bideo-konferentzia ere ahalbidetzen ditu, nahiz eta bideoaren kasuan Interneteko konexio nahiko azkarra beharrezkoa izango den. Skypek aldiz, ordenagailu eta telefono arteko komunikazioa egiteko aukera ere ematen du, kasu honetan ordaindu beharko den arren, telefono arruntaren prezioekin konparatuz, prezioa bajuagoa izaten da. Nazioarteko deiak programa honen bitartez egitea adibidez telefono arruntekin egitea baino askoz merkeagoa da. Aukera hau gaitzeko izena emateaz gain, gure kontuan dirua sartu beharko dugu eta kontu honetako dirua amaitu arte hitz egin ahal izango dugu. Skypez gain, programa asko dago Skyperen berdina egiten dutenak. Hauetako batzuk komentatuko ditugu orain: Open Wengo : Programa interesgarri honetan Skyperekin egin daitezkeen gauza guztiak egiteko aukera dago. Software Librea izateaz gain, plataforma askotako bertsioak ditu, Windows, GNU Linux eta laster Mac OS X eta Pocket PC (mugikorrek eta PDA batzuek erabiltzen duten sistema eragilea). Hauetaz gain Firefox nabigatzailearentzat gehigarri bat dauka, bertatik atera gabe deiak egiteko aukera ematen duena. Beste berezitasunen artean, bideo-konferentzia egiteko aukera, audio aurpegitxoak (gure elkarrizketa kideari bidaltzeko soinu dibertigarri sorta), itxura aldatzeko aukera etab aipatu ditzakegu. Google Talk : Google handiak ateratako VoIP programa. Bere berezitasunen artean bere sinpletasuna da nabariena. Erabiltzeko erraza izateaz gain, estandar libreak erabiltzen dituenez, beste hainbat programekin komunika daiteke. Era honetakoak dira Jabber protokoloa erabiltzen duten programak. Google Talk berez Windows sistematan bakarrik eskura daiteke, nahiz eta aipatu bezala berau erabiltzeko beste sistema eragileetan beste programa batzuk egon. Bideo-konferentzia egiteko aukerarik ez duen arren, badago aukera hau gehitzeko Festoon izeneko gehigarri bat instalatzean. Gizmo : Gizmo project izeneko programa honek ere aurrekoek egiten dutena egiten du, bideo-konferentzia barne. Bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat SIP estandar irekia erabiltzea da. Sistema eragile ezagunenentzat bertsioak dauzka, hau da, Windows, GNU Linux, Mac OS X. Berezitasunen artean deia egiten den lekua Google Maps erabiliz kokatzen duela eta Skypen ez bezala, hainbat pertsonen arteko elkarrizketan 99 erabiltzailek hitz egin dezakete aldi berean (Skypen muga hau bost pertsonakoa da). Voipbuster : Voipbusterrek eskaintzen duen gauzarik interesgarriena prezioa da. Munduko zenbait herrialdetako telefono finkoetara (mugikorretara ez) deitzea dohainik da. Besteetan bezala ordenagailuen arteko elkarrizketa dohainekoez gain, aipatutako telefono finkoetara deitzeko aukera ematen du inguruko Estatu Espainiar eta Frantsesa barne. Minutu bateko elkarrizketa mantendu daiteke, baina 5 euroren truke muga hau desagertu eta nahi adina hitz egiteko aukera ematen du. Windows sistema eragilearentzat bakarrik dago eskuragarri. Ikusi ahal izan duzuen bezala beraz ahoz dohain hitz egiteko aukera gero eta handiagoa da. Honek, etorkizun gertu batean telefono konpainietan eragina izango du, nahiz eta oraindik jende gutxi erabiltzen duen. Jadanik ez duzu beste munduko lagun horrekin ez hitz egiteko aitzakiarik.

Kontaizu

2006, Maiatza 01
Arloa: Sarean