Zea Mays taldea disko berria prestatzen

Gotzon Uribe

zeamays1

Garai goxoak bizitzen ari da Zea Mays talde bilbotarra. Bere azken lanak, "Era" diskoak, arrakastaren gorenera eraman du taldea. "Negua joan da eta" abesti arrakastatsua aurkitzen genuen diskoa zen hura, non pop, rock indartsua eta melodia finak elkartzen ziren. Urte askotako ibilbide luzearen fruitu goxoak jaso ditu tadeak, bere musika haratako eramananez eta entzule eta publiko zabalago batengana ailegatuz.

Orain albiste berriekin datorkigu taldea. Uztailaren erdialdean Urdulizko Tio Pete estudioan sartuko dira beraien ibilbideko zazpigarren diskoa izango dena grabatzeko. Diskoa bukatu ondoren Londresen nahastu eta masterizatuko dute.

Hala ere disko honek berri interesgarria dakar. Taldearekin batera Dave M. Allen ekoizle ingelesa egongo da diskoaren grabazio eta koprodukzio lanetan. Allen ekoizle ezaguna de pop eta rock eszenan, berak ekoiztu ditu The Cure taldearen "Desintegration" eta "Kiss Me, Kiss Me" diskoak beste batzuen artean.

Berarekin lan egin duten beste talde batzuk Depeche Mode, The Sisters of Mercy edo Neneh Cherry dira. Zea Maysen disko berria urtea bukatu baino lehen izango dugu entzungai.

Gotzon Uribe

2013, Uztaila 14