Informazio jarioa hodietatik behera
Lerro hauetatik askotan hitz egin dizuegu jarioei buruz (24. zenbakian adibidez). Hala ere, euskal wikipediaren hitz batzuk hartuz, RSS jarioak, XMLren familiako fitxategi formatu bat da, sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzako bereziki prestatua dagoena. Honi esker informazioa elkar banatu eta beste webgune batzutan erabiltzea posible da. Honi sindikazioa deritzo.
Hasieran horrela bazen ere orain jarioak beste gauza askotarako erabiltzen dira eta hauetara harpidetuz informazioa automatikoki jasoko dugu hau eguneratzen den momentuan bertan. Orain adibidez bilatzaileetan bilaketa bat egitean, mezularitza bidez mezu bat bidaltzen dugunean, sareko egutegian abisu bat jartzen dugunean jario bat eskaintzen zaigu bertara harpidetza egiteko. Beraz, jarioen erabilera asko zabaldu da eta honekin batera informazio hori sailkatu, aukeratu, iragazi, antolatzeko beharra. Gai hau jorratuko dugu gaur eta horretarako tresna berri bat aurkeztu nahi dizuegu Yahoo Pipes.
Zer da?
Yahoo Pipes RSS jarioak nahastu, sailkatu, aukeratu, iragazi, ordenatu etab. egiteko aukera ematen duen tresna bisual bat da. Orain arte RSS jarioen erabilera jario irakurgailu baten bidez jariora harpidetu eta informazioa jasotzea bazen tresna honen bidez aukera horiek asko zabaltzen dira. Hasieran zaila iruditu badaiteke ere denbora bat hartuz gero erraz ulertuko duzu nola dabilen, ez beldurtu beraz.
Tresna honen bidez pipes(hodiak) izeneko aplikazioak sor daitezke. Sortu ondoren publikatu eta besteek ikusteko aukera ematen dute. Era honetan, guk sortutako hodiez gain besteek egindakoak ikusi eta kopiatu ditzakegu. Kopiatutako hodi horiek gustuko dugun moduan aldatu ahal izango ditugularik.
Hodi hauek egiten dutena da, zenbait jario hartu eta hauek erabiliz hauen gainean zenbait ariketa posible egin eta beste hainbat web zerbitzuetatik ateratako informazioarekin (beti ere RSS) nahasten da.
Tresnan barna
- Sources: Iturriak, informazioa zein zerbitzu edo jarioetatik jasoko dugun ondoren hauetatik ateratako datuekin lan egiteko.
- User inputs: Atal honetan hodia erabiliko duen erabiltzaileari informazioren bat sartu behar badu txertatu behar ditugun tresnak daude. Hodia erabiliko duen erabiltzaileak testu bat, helbide bat, data bat txertatzeko aukera ematen dute.
- Operators: Eragileen bidez, jasotzen dugun informazio hori iragazi, zenbatu, berridatzi, ordenatu, itzuli etab. egin dezakegu. Hauetako bi bereziagoak dira, For each: hasten diren eragileak RSS jarioetatik datorren elementu bakoitzeko egin beharreko eragiketa zehazteko aukera ematen dute.
- Url: Zenbait URL helbidek parametro ezberdinak erabiltzen dituzte, horiek konfiguratzeko aukera ematen du honek.
- String: Zenbait testu kate lotzeko tresna.
- Date: Data mota formatu konkretu batean formateatzeko balio du.
- My Pipes: Aurretik eginda ditugun hodiak. Nahi izanez gero eginda ditugun hodietako bat erabil daiteke hodi berriaren parte bezala.
Adibide batzuk
Blogosferan bilatu blog bilatzaile ezberdinak erabiliz: Blog bilatzaile ezberdinetan, Technorati, Blogpulse, Google Blogsearch, Bloglines eta Ice Rocket hain zuzen ere, bilatzen duen tresna da hau. Bilaketa egin ondoren emaitzak batu, dataren arabera ordenatu, izenburu berdina dutenak kendu eta emaitza erakusten digu. [Hemen ikusi]
Bilatzaile ezberdinetan bilaketa bat egin eta emaitza errepikatuak ez erakutsi: Hodi honek Yahoo, Google eta Msn bilatzaileetan bilatzen du. Horretarako erabiltzaileak testu bat sartu behar du. Ondoren informazioa bilatzen da eta bukaeran informazio errepikatua ez egoteko iragazi egiten da. [Hemen ikusi]
Euskal Herriko zenbait hedabideen jarioak batu eta informazioaren dataren arabera sailkatu: Berria, Gara, Argia, Sustatu eta Zabalduko zenbait jario hartu eta berrienak erakusten dira. [Hemen ikusi]
Zenbait euskal web zerbitzuetan bilaketa egin: Zabaldu, Bildu eta Galdetu euskal web zerbitzuetan bilaketa bat egiten da eta batu ondoren dataren arabera antolatzen ditu. [Hemen ikusi]
Anima zaitez
Anima zaitez zu ere eta Yahoo Pipes erabili gustatzen zaizkizun jarioekin jolastu, hodi berriak sortu eta besteekin trukatzeko.