Hasiera orri pertsonalizatuak

Gorka Julio

sa42.jpgInternet pertsonalizazioaren bidea hartu du. Bakoitzak bere orri hasiera orri pertsonalizatua sortzeko aukera dauka orain. Bertan beste hainbat aplikazioetako edukia, informazioa, jarioak etab. gehitu daitezke. Bakoitzak bere nabigatzailea ireki eta interneten nabigatzen hasteko bere atari pertsonalizatua, bakoitzarena, berea, propioa. Hau izango da gaurko gaia, hasiera orri pertsonalizatuak.

Ezaugarri orokorrak

Hasiera orri guzti hauek ezaugarri orokor batzuk betetzen dituzte:

  • Jarioak: Informazio jario ezberdinak gehitzeko aukera ematen dute, kasu batzuetan jario irakurgailu arrunt baten funtzionalitate berdinak izatera ere iristen dira.
  • Oharrak: Ohar edo nota txikiak idatzi eta bertan izateko aukera ematen da.
  • Egitekoen zerrendak: Egitekoen zerrenda bat egiteko aukera ematen da, egin behar duguna errazago gogoratu ahal izateko, askotan abisuak programatzeko aukera ere ematen duelarik.
  • Posta elektronikoa: Gure posta elektroniko kontua hemendik irakurri ahal izango dugu kasu gehienetan.
  • Egutegiak: Egutegi funtzionalitateak ere izan ohi dira egutegi propio batekin edota kanpoko beste tresna bat erabiliz.
  • Fitxak: Ez da bakarrik orri bat baizik eta hainbat orri ere sor daitezke. Orri ezberdin hauek fitxa ezberdinen bidez banatzen dira. Horrela, zenbait gai edo gauza ezberdinetan lanean bagabiltza era errazagoan kudeatu ahal izango ditugu.
  • Hedagarriak: Erabat hedagarriak izan ohi dira dituzten gehigarriei eske. Hauen bidez funtzionalitate berriak gehitu ahal izango dizkiegu. Adibide batzuk, eguraldia, sms bidalketa, itzultzaileak, gure irudiak, bideo interesgarriak etab.

Aukera batzuk

Hainbat aukera ezberdin daude eta zoritxarrez euskara bakar batean agertzen da. Hala ere, aukera ezberdinak aztertu eta bere ezaugarri batzuk komentatuko ditugu.

  • Netvibes: Jende askorentzat hasiera orri hoberena eta dudarik gabe erabiliena. Gehigarri gehien dituen hasiera orria da. Gehigarri horiek (modules) aurkitu eta nahi izanez gero sortu ahal izateko Netvibes Ecosystem orria dago. Sortzen ditugun orriak pribatuan manten ditzakegu edota publiko egin jende gehiagok ikus ditzan. Euskaraz dago.
  • Pageflakes: Jario irakurgailu bezala erabiltzeko aukera handiak ematen ditu. Gehigarri asko ditu eta aurrekoan bezala gehiago ere sortu eta aurki daitezke. Komunitatea izeneko orrian jendeak sortutako gehigarriak (flake), jarioak eta publiko egindako orriak (pagecast) aurki ditzakezu.
  • iGoogle: Googleren orri pertsonalizatua da eta hau erabiltzeko Googleren kontu bat besterik ez dugu eduki behar. Google gure hasiera orri bezala erabiltzen badugu hasiera orri hori gauza gehiagorekin pertsonalizatzeko aukera ematen duen tresna da azken finean. Faltan botatzen da enpresa berdinaren Google Readerrarekin integrazioa jarioak irakurtzeko garaian.
  • Beste batzuk
    • Webwag: beste orri pertsonalizatu berri bat aukera askorekin.
    • My Yahoo: Yahooko zerbitzuak erabiltzen badituzu aukera ona izan daitekeen orri pertsonalizatua.
    • Live.com: Microsoften hasiera orri pertsonalizatua, nahiko mantsoa.

Orri pertsonalizatu bat baino gehiago

Badaude hau baino gehiago eskaintzen duten tresnak ere, horien artean EyeOS dugu. EyeOSek "sistema eragile" oso bat nabigatzaile baten bitartez atzitzeko aukera ematen digu. Hau da bertan daude normalean erabiltzen diren tresna guztiak, testu editorea, egutegia, posta kudeatzailea, jario irakurgailua, bapateko mezularitzako tresnak etab. eta edozein ordenagailutatik erabili ahal ditugu eta gure fitxategiak bertan gorde. Gainera atera ondoren berriro sartzen garenean gauza guztiak bere horretan egongo dira berriro ere ibiltzen hasteko. EyeOS erabiltzeko bi aukera daude, bata orrian kontu bat ireki zuzenean erabiltzen hasteko edota programa jaitsi eta gure zerbitzarian instalatu Software Librea baita. Aukera handiak daudela ikusirik beti bezala probatzera gonbidatzen zaituztet. Beti ere kontutan hartu igotzen dituzuen datuak berriro ere lokalki errekuperatzeko aukera egotea.

Gorka Julio

2007, Uztaila 01
Arloa: Sarean