Zuzendari 2.0 garaian

Gorka Julio

sa43.jpg

Internet Web 2.0 garaian bideoak arrakasta itzela izaten ari da baina aurretik gutxi batzuen esku zegoen baliabide hori orain denon eskura dago. Bideo sortzaile, zuzendari, editore izan gaitezke klik bakar batzuen distantzian. Oso arruntak ditugu gure artean bideoak ateratzen dituzten kamerak edota bideo kamera duten mugikorrak. Grabaketen emaitzak internetera igo eta besteekin partekatzeko tresna asko dago gaur egun eta horiek dira hain zuzen gaur ikusiko ditugunak.

Bideo zerbitzuak

YouTube

Bideoaren tamaina maximoa: 100MB

Erabiltzaile gehien dituen bideo komunitatea da. Bertan bideoak igo eta besteekin elkartrukatzeko aukera dago. Bideoetan iruzkinak uzteko aukera ere badago. Erabiltzaileak bere bideo guztien bildumak erakusteko web gune pertsonalizatzeko aukera ematen du. Horretaz gain, zuk igotako bideoen arteko nahasketak egiteko tresna bat ere badu.

Audio eta bideo kalitate aldetik nahiko ondo dago eta bideoak igotzeko prozedura sinplea jarraitzen du. Hori bai, zerbait itxaron beharko dugu gure bideoa igota ikusi artean.

Google video

Bideoaren tamaina maximoa: 100MB / edozein (tresna berezi bat erabiliz)

Youtuberen aldean tresna honek tamaina eta kalitate handiagoko bideoak gordetzeko aukera ematen du. Bertan kalitate handian eta luzera handiagoko bideoak topatzea erraza da.

Interfazea oso garbia den arren bideoak igotzean nahiko informazio eskatzen da, prozesua pisutsuagoa bilakatuz. Bideoa igotzeak denbora bat hartzen du Googlek hainbat gauza egiaztatzen baititu igo aurretik. Tamaina handiko bideoak igotzeko tresna bat erabiltzea gomendatzen da.

Jumpcut

Bideoaren tamaina maximoa: 100MB

Bideoak igo eta komunitatean zabaltzeko aukera handiak ematen dituen tresna da. Hori bakarrik egiteaz gain bideoak editatu eta nahasteko aukera ematen dute. Beraien lema "izan ona zure bideoekin" da. Honekin adierazi nahi dutena da zure bideoei bizitza berri bat emateko, hau da, besteek beraien sorkuntzetan zure bideoak erabiltzeko aukera eman dezazula. Web tresna bat baino mahaigaineko aplikazio bat dirudi tresna honek. Bideo kalitate aldetik nahiko ona da zenbait kasutan bideoa editatzen dugunean batez ere arazo batzuk eman ditzakeen arren.

Bideoak igotzeko prozesua erabat erraza eta garbia da. Flash ez duten ordenagailuentzako HTML bidezko tresna bat ekartzen du bideoak igotzeko.

Eyespot

Bideoaren tamaina maximoa: 100MB

Honek ere bideoak igo, editatu eta nahasteko aukera ematen du. Jumpcut baino edizio tresna gutxiago dituen arren nahiko onak dira hauek ere. Bideoak igo eta zure lagunekin elkar trukatzeko mugikorrentzako tresna interesgarri bat ere badu.

Bideoak igotzeko ez du zailtasunik. Hainbat bideo batera igotzeko aukera interesgarria ere badu.

Dailymotion

Bideoaren tamaina maximoa: 150MB

Tresna interesgarria hau ere. Besteek baino tamaina handiagoko bideoak igotzeko aukera ematen du eta bere kalitatea ere nahiko ona da. Mugikorretik MMS bidez mezuak bidaltzeko aukera ematen du eta baita Webcam bat erabiliz egiten ari zarena grabatzeko aukera ere.

Fitxategiak igotzeko prozesua sinplea eta erraza da, arazorik gabe egiten dena.

Metacafe

Bideoaren tamaina maximoa: 100MB

Tresna nahiko erabilia baina edizio aukerarik ez duena. Aurrekoak bezala azkarra eta erraza. Bere berezitasuna, bideoak ikusteagatik ordaintzen dizute 1000 ikustaldi bakoitzeko dolar bat 20.000tik hasita.

Bideoak igotzeko tresnak ez du zailtasunik.

Ondorioak

Ikusi ditugun tresna ezberdinetatik bat aukeratzea zaila izan daiteke, aukeraketan hainbat aldagaien menpe baitago. Bideoak kalitate onean eta tamaina handikoan gorde nahi baditugu Google Video aukeratzea gomendatzen da. Bideo hori jende askok ikustea nahi badugu YouTube izan daiteke aukerarik hoberena. Aldiz gure bideoa besteen ekarpenekin nahastu edota gure bideoa editatu nahi badugu zalantzarik gabe Jumpcut da egin behar dugun aukera.

Aipatu ez den arren tresna guzti hauek bideoak gure blog, webgunean jartzeko aukera ere izaten da, beraz gure bideo sorkuntzaren bizitza ez da tresna hauetan gelditu behar, interneteko edozein tokitan zabaltzeko aukera dugu. Izan zaitez ZUzendari eta interneten zehar zure sorkuntza erakutsi ikusle asko gaude zure zain.

Gorka Julio

2007, Abuztua 01
Arloa: Sarean