Messenger baino gehiago
Gorka Julio
Barne mezularitza
Internet bezalako sare baten bidez bi pertsona edo gehiagoren artean mezuak elkartrukatzea ahalbidetzen duen sistema da (Wikipedia). Programa hauek protokolo ezberdinen gainean egiten dute lan eta hauetako batzuk testuaz gain audioa eta bideoaren bidez komunikatzeko gai dira. Hauetako batzuk, euskarazkoak eta libreak dira.
Protokolo ezberdinak
- MSNP (Microsoft Notification Protocol): Protokolo propietaria da, hau da Microsoft enpresak egindako protokoloa eta honen kodea berak bakarrik ezagutzen du guztiz. Berau erabiltzeko Windows Live ID bat behar da eta hori eskuratzeko Microsoften zerbitzuetan izen eman behar da.
- OSCAR (Open System for CommunicAtion in Realtime): AOL enpresak darabilen protokolo jabeduna. Berau erabiltzeko AOLeko erabiltzaile izen bat beharrezkoa da.
- YMSG (Yahoo! Messenger Protocol): Yahook sortutako protokolo jabeduna. Erabiltzeko Yahooren erabiltzaile bat beharrezkoa da.
- XMPP (Extensible Messaging and Presence Protocol): Protokolo librea. Erabiltzeko ez da enpresa baten kontu bat behar, nahi duenak sortu ahal izango du bere Jabber zerbitzaria. Hala ere, badira jada kontu bat sortzeko aukera ematen dutenak horien artean Google.
- SIP (Session Initiation Protocol): Protokolo librea. Audioa komunikatzeko prestatuta dagoen protokoloa. Aurrekoak bezala bakoitzak bere zerbitzari propioa sor badezake ere normalean badira erakundeak erabiltzeko aukera emateko erabiltzaile bat sortzen laguntzen dutenak.
- Skype protocol: Skype audioa komunikatzeko programak erabiltzen duen protokolo jabeduna. Erabiltzeko zerbitzu honetan kontu bat ireki behar da.
Programa ezberdinak
Protokolo horien gainean lan egiten duten programa asko hauek aztertu eta komentatuko ditugu orain.
- Windows Live Messenger: Jende askok erabiltzen duen berehalako mezularitza programa. Webcam bitarteko komunikazioa, audioa, fitxategien bidalketa etab. onartzen ditu. MSNP sarea darabil. Windows sistementzat bakarrik
- Yahoo Messenger: Yahooren mezularitza programa interesgarria eta plataforma anitza. Webcam eta audio eta bideoa ere onartzen ditu. YMSG sarea erabiltzen du.
- Google Talk: Googleren programa honen bidez testu zein audio komunikazioak egin daitezke. Jabber protokolo librearen gainean lan egiten duenez ez da beharrezkoa Google-ren kontu bat edukitzea erabiltzeko Jabber kontu bat izatearekin nahikoa da.
- Pidgin: Aurreko sare gehienak onartzen dituen programa plataforma anitza. Aipatutako protokoloetatik XMPP, MSNP, YMSG, OSCAR eta Jabber ere onartzen dira. Librea da, euskaraz dago eta hainbat lagun hainbat zerbitzu ezberdinetan baditugu aukera interesgarria izan daiteke.
- Skype: Audio bidezko telefonia egitera bideratua dagoen berehalako mezularitza programa. Honen bidez ordenagailu eta ordenagailu arteko deiak egiteaz gain, ordenagailu eta telefono artekoak ere egin daitezke baina diru baten truke. Programa librea ez den arren dohainik da eta plataforma anitza. Bere protokolo propioa erabiltzen du Skype protocol.
- Open Wengo: Aurrekoaren antzeko funtzionalitateak dituen programa librea. SIP protokolo librearen gainean lan egiten du eta plataforma anitza da. Firefox nabigatzailetik erabiltzeko aukera ematen duen gehigarriak ere baditu eta horretaz gain Webcam bidezko komunikazioa ere ahalbidetzen du. Oso aukera interesgarria izan daiteke zenbait kasutan dei merkeagoak egin eta lagunekin audio edo bideoz komunikatzeko garaian.
- Meebo: Ezer instalatu gabe eta nabigatzaile baten laguntza soilarekin Yahoo Messenger, Windows Live Messenger, Google talk, etab. ibiltzeko aukera ematen duen zerbitzua da.
Dauden aukera guztiak ikusirik bakoitzak ikusiko du zein erabili baina Protokolo anitza bada, librea bada eta euskaraz badago askoz hobe.