Irudi edizioa online

Gorka Julio

sa51.jpg

Gero eta aukera gehiago dago irudiak editatzeko nabigatzaile soil baten laguntzarekin. Orain arte Adobe bide honetan sartu ez zen jokalari garrantzitsu bat, online tresna hauen bidea hartzen hasi da Photoshop Express tresnarekin. Photoshop tresna ezagunaren online bertsioa.

Ezaugarriak

Photoshop Express editorearen ezaugarri batzuk hauek dira.

  • Argazkiei ukitu arruntak egiteko tresna aurreratuak eskaintzen ditu.
  • 2Gb-eko kapazitatea eskainten digu bertan argazkiak gorde ahal izateko. Hala ere jendearen haserrea piztu du bertan zehazten diren erabilpen baldintzetan, Adobek zure argazkiak nahi dituen bezala erabiltzeko aukera duela esaten baita.
  • FaceBook, Picasa eta PhotoBucketekin integratzen da, eta beharbada laster baita Flickr-rekin ere.
  • Bilduma ezberdinak sortzeko aukera.
  • Sortutako bildumak era ezberdinetan erakusteko aukera.

Zer egin daiteke berarekin

Photoshop mahaigaineko programa erabiltzaileek online tresna honetan bere etxean dituzten ezaugarriak bilatzen badituzte oker dabiltza. Photoshop Express ukituak egiteko tresna bat da eta ez irudi ediziorako tresna oso bat. Adobek ez du horrela izatea nahi.

Irudien edizioan izaten diren arazo arruntenak konpontzeko eta aldaketa interesgarriak egiteko aukera ematen du tresna honek:

  • Argazkiak zuri beltzean jarri.
  • Irudi zati bat desenfokatu.
  • Efektu ezberdinak bata bestearen ostean aplikatzeko aukera.
  • Argazkietako puntu beltzak edo orbanak ezabatu.
  • Begi gorriak kendu.
  • Irudia desitxuratu eta adibidez marrazki baten itxura eman.
  • Irudi baten kolore gama aldatu.

 

Beste online editore aurreratu batzuk

Badira beste online irudi editore aurreatuak ere, hauetako batzuk Photoshop Express baino hobeagoak izan daitezkeelarik.

Picnik: Photoshop Expressek ematen dituen aukera edo efektuak baino gehiago ere ematen ditu honek. Aurrekoa bezala ukitu arruntenak egiteko tresna dela esan daiteke. FaceBook, Picasa, Flickr, Webshots eta PhotoBucket-ekin integratzen da.

Splashup: Oso editore aurreratua da. Kapak onartzen ditu eta Photoshopen oso ezaguna den aukeraketa tresnak bezalako ezaugarri oso aurreratuak aurkitzen dira bertan. Benetan editore aurreratu bat dela esan daiteke. Aurrekoekin baino gauza gehiago egiteko aukera ematen du.

Fotoflexer: Honek ere edizio aukera interesgarri eta aurreratuak eskaintzen ditu. Splashup-ekin konparatuz zenbait faktoretan atzera gelditzen bada ere, gauzak azkar eta erraz egiteko aukera polita izan daiteke.

Aviary: Splashup-en mailara iristen den tresna aurreratua. Kapak onartzeaz gain bere interfaze argiari esker erabiltze erraztasun handiak eskaintzen ditu.

Software librearen aukera

Denbora guzitan mahaigaineko Photoshop eta online tresnak aipagai baditugu ere badago mahaigainean instalatu daitekeen software libre den GIMP(Windowsentzako bertsioa) programa ere. Programa honen bidez erabiltzaile arrunt batek Photoshopekin egin ditzakeen gauza gehienak egiteko aukera izango du. Beraz kontutan hartzeko beste aukera bat izan daiteke tresna hauek erabili edo Photoshop erosi nahi ez badugu.

Gorka Julio

2008, Maiatza 01
Arloa: Sarean