Euskara globala
Euskara hizkuntza gutxitua bada ere hizkuntza global bat ere bada. Euskara internet eta komunikazioaren garaian mundu globaleko pertsona ezberdinen arteko komunikazioa ahalbidetzeko baliatu daiteke. Era berean, munduan euskaraz dakiten pertsonekin komunikatu eta hauekin batera parte hartzeko aukera ematen digun tresna baliagarria ere bada. Ingelesa, gaztelera, frantsesa edo beste hizkuntza bat erabil dezakegu, baina zergatik ez euskara erabili eta besteak gu irakurri, entzun, ikustera gonbidatu. Nola egin dezakegu? Nola saiatu hori egiten? Zein tresna baliatu? Hori izango da gaurko gaia.
Euskararen ikusgaitasuna
Euskararen ikusgaitasuna hainbat faktoreek baldintzatzen dute, batzuk oso argiak, erabilpenaren kasua. Beste batzuk ez hain garbiak, erreferentzialtasuna edota ikusgarritasuna adibidez. Euskarak interneten eta ondorioz mundu globalizatuan duen ikusgaitasunaz arduratzen bagaitu, faktore guzti hauek hartu beharko ditugu kontutan.
- Erabilpena: Hizkuntza bat erabili behar da berau existitzeko hori izan behar du lehenengo pausoa. Jendea interneten ere euskara erabiltzea proposatu behar diogu. Hasieran jende gutxi dagoen guneetan batez ere erraztasuna egon daiteke desanimatuak sentitzeko, kasu horietan oso garrantzitsua da dinamizazioa, erabiltzaileei animatzea etab. Gero eta eduki gehiago euskaraz gero eta interesgarriagoa izango da euskaraz interneten ibiltzea beste hizkuntza batzuetara salto egin gabe.
- Erreferentzialtasuna: Gure hizkuntzan egindakoak interesa izan dezan erreferentzialitatea lortzea oso garrantzitsua da. Hizkuntza gutxitu batek, hori lortzeko besteek egiten ez dituzten gauzak egin edota hobeto komunikatzen ikasi behar dute. Horregatik, gauza berriak edo hobetuak egiten eta interneten zehar hedatzeko gaitasuna izan behar dugu. Horretarako zenbait kasutan beste hizkuntza laguntzaile bat erabili behar badugu ere, erreferentzialitatea sortzen joango gara. Garai hauetan adibidez gure sorkuntzak ondo etiketatzea (baita euskara ez den beste hizkuntza laguntzaile batean) asko lagun dezake bilatzaile eta beste hainbat tresnaren bidez guri buruzko informaziora iristeko.
- Ikusgarritasuna: Askotan edukiak, erabiltzaileak, mugimendua egon arren ez gara hor dagoen hori erakusteko gai. Horregatik euskal hiztun komunitatea erakustera bideratutako ekimenak burutu behar dira. Mundu mailan egiten diren ekitaldi eta joera ezberdinetan parte hartu eta gurera egokitzen jakin behar dugu. Munduko mapan kokatu behar dugu gure burua.
- Baliabideak: Baliabideak izatea beharrezkoa da. Baliabideen mailak huts egiten badu ezingo dugu inoiz munduarekin ondo komunikatu. Baliabideak pertsonalak izan daitezke edo fisikoak eta zenbait kasutan laguntzak ere beharrezkoak izan daitezke. Hala ere, gaur egun baliabide nahiko eta soberan ditugu lehenengo munduko euskaldunak. Zenek ez du internet, mugikorra, kamara digitala etab. bezalako gailurik eta hala ere oso gutxi erabili? Zergatik hauekin sortutakoa ez zabaldu eta komunitatearekin partekatu?
- Konektatuak egon: Hoberen konektatuak daudenak bere mezua gehiago zabaltzeko aukera izango dute, batez ere komunitate ezberdinen artean kokatzen diren pertsonak dira garrantzitsuak. Gure kasuan, euskaldun asko ingeles, gaztelera eta frantses hiztun komunitateekin eguneroko harremana daukagu baita interneten ere. Komunitate horien arteko zubiak eraikitzeko gai izan behar dugu. Bakoitzean jendea gure komunitatean gertatzen dena interesgarria dela ere erakutsi eta kasu bakoitzean hizkuntza laguntzaile era egokian erabiltzeko gai izan behar dugu erakartzeko.
Do it yourself (Zuk Zeuk egin)
Aipatu ditugun gauza guztietan zure hondar alea jar dezakezu, ez pentsa ekimen handiek eragin handia izango dutenik, mugimendu hau bakoitzaren hondar aleekin egingo da edo ez da egingo.
- Erabilpena: Internetek gaur egun parte hartzeko tresna ugari eskaintzen ditu, baliatu; Blogak sortu eta hauetan parte hartu, Foroetan parte hartu, Wikipediako artikulu berriak sortu edo zaharrak hobetu, informazioa sortu eta hedatu Zabaldu, Indymedia edo Sustatu bezalako tresnen bidez, tresna ezberdinetan euskaraz idatzi eta komentu. Azken finean interneten ere euskara erabili.
- Erreferentzialtasuna: Sortzen dituzun sorkuntzak euskaraz plazaratu eta euskal komunitateari zabaldu. Beharrezkoa izanez gero hizkuntza laguntzaile bat erabili (adibidez ingelesa) sorkuntza berri hori beste hizkuntza komunitateetan hedatu ahal izateko. Garrantzitsua da gauza munduari begira berritzailea edo interesekoa izatea. Horrelakoak izan daitezke musika, artea, tesiak, ikerketak, multimedia baliabide interesgarriak, ekitaldiak etab.
- Ikusgarritasuna: Euskal internet komunitate bat badago, baina hori egunero erakutsi behar dugu. Horretarako gure egunerokotasunean erabiltzen ditugun tresnak euskaraz izatea garrantzitsua da. Horien artean garrantzitsuena gaur egun nabigatzailea da. Nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia euskara izatea lehenetsi bezala jartzea oso garrantsitsua da. Honela, estatistiken bidez jendeak jakingo du nabigatzailea euskaraz erabiltzen duen euskal komunitate bat badagoela munduan. Horrela egiten ez badugu gure nabigazioak uzten dituen datuak beste hizkuntza komunitate baten zenbakietan sartuko dira.
- Baliabideak: Aipatu bezala baliabide teknikoak garrantzitsuak dira baina gero eta arruntagoa da hauek edukitzea. Zerbitzuei dagokienez gaur egun Web 2.0 garaiarekin batera hauetako asko doakoak dira. Hau da, baliabide gutxi behar izaten dira komunikatu nahi dugun hori komunikatu ahal izateko. Ekimen edo proiektu handiagoek baliabide gehiago behar badituzte laguntza bilatu. Gogoratu jadanik lanean dauden beste batzuk ere badaudela, komunitate horietan parte hartzen saiatu.
- Konektatuak egon: Oso garrantzitsua da jende askorekin konektatua egotea. Horretarako sare sozialak sortzen laguntzen dituzten tresnak asko laguntzen dute. Twitter, Facebook, MySpace etab. bezalako tresnak erabiltzea ondo letorke, jende berria ezagutzeaz gain, espero ez ditugun gauzak sortzen hasteko aukera emango digute eta.