Googleren bilaketa aurreratuak

Gorka Julio

 

 

 

 

 

 

 

 

 

googleGehienek, Google bilatzailea erabiltzen dugu bilaketak egiteko, baina batzuetan emaitzak ez dira nahi dugun bezain zehatzak edo interesgarriak. Googlek erdi ezkutuko aukera asko ditu: bilaketa eremua erabiliz eta zenbait gako hitz gehituz, bilaketa zehatzagoak egin daitezke. Teknika horiek eta beste batzuk sakonago aztertuko ditugu.

Eragile bereziak erabiliz

Esaldi zehatza bilatu: Esaldi zehatz bat bilatu ahal izateko kakotxak (“ ”) erabili behar ditugu. Adibidez, “euskarazko egunkariak”.

Eragileen bidezko bilaketa: Hainbat hitz agertzea nahi badugu + edo AND eragilea erabili dezakegu. Berez, hori da Googlek egiten duena, besterik adierazi ezean. Hitz bat edo beste bilatu nahi denean, aldiz, OR edo | erabili behar dugu.


Hitz batzuk bai, baina beste batzuk ez zehazteko, - karakterea erabiliko genuke. Adibidez, hotel durango -mexico. Bilaketa horrekin hotel eta durango hitzak dituzten emaitzak nahi genituzke, baina mexico hitzak ez du horietan agertu behar.

 

Komodinen erabilera: * ikurra baliatuz hutsuneak utz ditzakegu gure bilaketan, eta hutsune hori edozein hitzengatik ordezkatua izan daiteke. Adibidez, Axularrek * idatzi zuen. Bilaketa horrekin, * horren ordez edozein hitz duten bilaketak ikusiko ditugu.

Link: Edozein webguneri lotura egiten dioten webguneak erakusten dizkigu. Adibidez, link:www.kontaizu.net.

Allinurl: Webgunearen helbidean hitz horiek dituzten emaitzak bakarrik erakusten dizkigu. Allinurl:2008 zinemaldia.

Allintitle:Webgunearen izenburuan hitz horiek dituzten emaitzak bakarrik erakusten dizkigu. Adibidez, Allintitle: euskara elkartea.

Allintext: Webgunearen gorputzeko testuetan hitz horiek dituzten emaitzak bakarrik erakusten dizkigu. Adibidez, Allintext: Guggenheim.

Allinanchor: Webgunearen loturetako testuetan hitz horiek dituzten emaitzak bakarrik erakusten dizkigu: Adibidez, Allinanchor: Euskaltzaindia.

Site: Gure bilaketa webgune zehatz batera mugatzeko balio du, interesgarria webgune konkretu baten barnean zerbait bilatu behar dugunean. Adibidez, site:kontaizu.net Firefox. Kontaizu barnean Firefox hitza bilatzen du.

Info: Domeinu bateko webgune nagusiari buruzko informazio gehigarrira sartzeko aukera ematen digu. Adibidez, info:elurnet.net.

Inurl: Allinurl bezala, baina beste hainbat hitzekin ere konbina daiteke. Adibidez, zinemaldia inurl:2008. Aurrekoan ez bezala, honetan helbidean 2008 agertzea eskatzen dugu, baina zinemaldia hitza edozein tokitan ager daiteke.

Intitle: Allintitle bezala, baina beste hainbat hitzekin ere konbina daiteke. Adibidez, euskara intitle:elkartea. Aurrekoan ez bezala, honetan izenburuan elkartea agertzea eskatzen dugu, baina euskara hitza edozein tokitan ager daiteke.

Cache: Googlek webguneen bertsio bat gordetzen du. Eragile berezi horren bidez, Googlek duen bertsio hori erakusten digu. Adibidez, cache:teketen.com.

Filetype: Fitxategi mota konkretu bat bilatzeko balio duen eragilea da hau. Eragilearen ostean fitxategi motaren luzapena sartuta erabiltzen da. Adibidez, IEB07 aurkezpena filetype:pdf.

Define: Hitz baten definizioa azkar topatu nahi badugu, eragile honek lana erraztuko digu. Adibidez, define:hacker.

 

Horiekin nahikoa izan ez baduzue, bitxikeria eta tresna gehiago ezagutzeko, informazio gehiago topatu ahal izango duzue Googleren laguntza webgune honetan.

Gorka Julio

2008, Abendua 29
Arloa: Sarean