Zure gogoko helbideak antolatu
Gero eta informazio interesgarri gehiago dago Interneten baina interesgarriena aurkitu, gorde eta antolatua izatea gero eta zailagoa egiten da. Gaur egun, badaude hori egiten laguntzen diguten Bildu edo del.icio.us bezalako zerbitzu interesgarriak.
Bildu.net
Laster-markak (lotura interesgarriak, alegia) gordetzeko webgune bat da Bildu.net. Kontu bat sortu eta berehala erabiltzen hasteko aukera ematen du. Ondoren, gure laster-marka interesgarriak gorde ditzakegu bertan, eta hartara, ez dugu gure ordenagailua erabili beharrik izango, web gune horietara sartu ahal izateko. Bildu.net-ek Scuttle software librea erabiltzen du gunea eraikitzeko, eta del.icio.us ingelesezko tresnaren ideian dago oinarritua. Bildu.net erabiltzeko, zenbait argibide eta adibide dituzue jarraian.
Laster-markak gehitzeko
Bildu.net erabili ahal izateko, izena eman behar da. Hona hemen laster-markak gordetzeko egin beharreko urratsak:
- Kontuan identifikatu, sortutako izena eta pasahitza erabiliz.
- Esteka berri bat gordetzeko, "laster-marka gehitu" dioen tokian sakatu (goian).
- Ondoren, sartu nahi dugun laster-markaren hainbat datu eskatuko zaizkigu.
Etiketa atalak arreta berezia merezi du, etiketa horien bidez aurkitu ahal izango baititugu guk gordetako laster-markak. Etiketa horiek, azken finean, gorde dugun webgune horrekin zerikusia duten hitzak dira, eta laster-marka hori aurkitzen lagunduko digute.
Laster-markak inportatzeko tresnak
Zure laster-marka gogokoenak zure nabigatzailean gorderik badituzu, erraz ekar ditzakezu Bildura. Horretarako zure nabigatzailetik laster-markak inportatzeko argibideak jarraitu.
Aldiz, jadanik del.icio.us erabiltzen baduzu laster-markak antolatzeko eta Bildura ekarri nahi badituzu jarraitu del.icio.us-etik laster-markak inportatzeko argibideak.
Laguntza tresnak
Helbide interesgarriak errazago gorde ahal izateko Bookmarklet bat eskaintzen du Bilduk. Kontu bat sortu eta saio bat hasi ondoren, laster-marka gehitun sartu eta azpian zure nabigatzaileko laster-marka tresna-barrara mugitu. Helbide interesgarri bat ikusten duzunean tresna-barrako lotura hori sakatu eta lotura hori automatikoki Bildun gordetzeko aukera ematen du.
Firefox nabigatzailearentzat hedapena. Hedapen honen bidez, jadanik gordeta dituzun laster-markak ikusteko aukera ematen duen botoi bat agertuko zaizu zure tresna barran, eta horrez gain, klik bakar baten bidez, une horretan ikusten ari zaren web gunea.
Erabilera posible batzuk
Gogoko dituzun web guneen helbideak gordetzea, eta edozein ordenagailutatik erabili ahal izateko aukera izatea. Gainera, laster-marka horiek zeuk ezarritako etiketen bidez sailkatuta gordetzen direnez, erraz kontsultatu ahal izango dituzu.
Laster-markak gordetzeko, etiketa bat hitzartu daiteke hainbat pertsonen artean, eta denek etiketa bera erabiliz, batak besteari webgune berriak erakusteko aukera dago.
Bilduren bilatzaileari esker, gai jakin bati buruz jendeak gordetako web gune berriak eta informazioa bilatu ahal izatea.