Euskara ikasteko hamaika baliabide

Gorka Julio

2983886851_b4ca4909e7Euskaraz ikasteko baliabideak ez dira falta sarean. Hiztegietatik hasi, eta EGA gainditzeko azken azterketa eta probak egiteko tresna automatizatuak aurki daitezke. Horietako hainbat jende askorentzat ezezagunak direnez, ezagutarazteko ahalegina egingo dugu gaurkoan.

Hiztegiak

Hiztegi asko aurki daitezke, batzuk euskara hutsezkoak, besteak hainbat hizkuntzatan, eta beste batzuk itzulpenak egiteko gaitasuna dutenak.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak Interneteko bertsioa du. Elhuyar Hiztegiak ere badu sareko bertsioa.

Bestalde, euskara-gaztelera edo gaztelera-euskara itzulpenak egiteko aukera ematen digu 3000 Hiztegiak. Euskalterm, aldiz, hainbat gairen gaineko hiztegi berezitua da.Horrez gain, euskara, ingelesa, frantsesa eta latineko adierak erakusteko gai da.

Morris Hiztegia ingelesa-euskara eta euskara-ingelesa itzulpenak egiteko hiztegi ezaguna ere sarean dago. Hiztegi gehiago aurkitu nahi badituzue jo Hiztegia.net gunera.

EGA Euskaren Gaitasun Agiria

EGA atera ahal izateko liburu eta tresna asko dago, baina orain, Jakintza Ikastolako Maite Goñiren eskutik, EGAren proba guztiak egiteko aukera dago Interneten. Azken hiru urtetako liburuak digitalizatzeaz gain, bertako atal asko automatizatu egin ditu, horrela ariketak egiteko erraztasun handiak ematen ditu.

Liburutegietan eskuratu daitekeen azken liburua digitalizatuta aurki dezakegu Euskaljakintza blogean. EGAren azken aldaketak kontutan hartzen ditu eta ia erabat automatizatua dago hori ere. Lexikoa (orain arte sinonimoak), irakurritakoaren ulermena eta ahozko probaren moldaketa berriak barne.


Beste tresna batzuk

Opentrad

Opentrad Espainiako Estatuko hizkuntza ofizialen arteko itzulpenak egiteko aukera ematen du. Gaztelerako testuak euskaratu daitezke, adibidez. Itzulpenek oraindik akats batzuk dituzte, baina hobetzen jarraituko dute. Gainera, garatutako softwarea librea izanik, edozeinek ekarpenak egiteko aukera du.

Erderatu

Erderatu tresnaren bidez euskara-gaztelera itzulpena egin daiteke. Momentuz, Opentradek norabide horretako itzulpenak ez ditu eskaintzen. Erabiltzen duen Apertium teknologia beste hainbat gauzatarako erabil daiteke, Wordpress blogetan euskara-gaztelera itzulpen automatikoa jartzeko, adibidez.

Euskalbar

Euskalbar, Firefox-erako tresna barra da, euskarazko hiztegiak kontsultatu eta hainbat hizkuntzen arteko itzulpenak egiten lagunduko diguna. Horren bitartez, aipatu ditugun zenbait zerbitzu era zuzen eta errazagoan erabili ditzakegu.

Gorka Julio

2009, Otsaila 12
Arloa: Sarean