Bloga sortu software librea erabiliz

Gorka Julio

Wordpress blogak egiteko tresna

Wordpress blogak sortzeko software libreko tresna da. Azken bertsioa 2.7, hasieratik euskaraz eta erabat erabilgarri dugu jada. Erabiltzeko gure zerbitzarian instalatu beharko dugu. Gure blogaren kontrol osoa nahiko bagenu, zerbitzari edo ostatatze zerbitzu bat kontratatu beharko genuke. Ostatatze zerbitzu asko dago ezagunenetako bat Dreamhost da, baina euskarazko zerbitzua ematen dutenak ere badaude, Guebs adibidez.

Aldiz, instalatu gabe erabili nahi badugu, Wordpress.com bezalako zerbitzuetan kontu bat ireki eta erabiltzeko aukera izango dugu. Bigarren kasuan ezingo dugu tresna gehiegi moldatu baina ostatatze zerbitzu bat lortzeko aukera ez dugunean edota tresna probatu nahi dugunean aukera on bat izan daiteke.

Tresna

Wordpress-en ezaugarririk garrantzitsuena bloga sortu eta kudeatzeko eskaintzen duen erraztasuna da, batez ere. Horrez gain, komunitate handi baten lana da, diseinu eta funtzionalitate asko ditu, hizkuntza askotan dago, doaneko tresna eta librea.

Eskaintzen dizkigun diseinu sinpleez gain, diseinu berriak gehitu eta oso erraz aldatu ahal izango dugu gure blogaren itxura osoa. Itxura berriak Wordpress-eko webgunean itxuren atalean topatu ditzakezu.

Era berean, funtzionalitate berriak gehitzeko aukera ematen duen tresna da Wordpress. Kudeaketa gunetik, pauso azkarren bidez, gehigarri berriak instala daitezke. Gehigarriek SPAMaren aurkako neurriak ezartzeko, bideoak txertatzen laguntzeko, irudi galeria erakargarriak sortzeko etab. balio dute. Horiek aurkitzeko webgune ofizialean gehigarrien atalean sorta eder bat topatuko duzu.

Nola instalatu

Intalazio berri bat edo eguneraketa bat egitera bagoaz hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

  1. Wordpresseko orrialde ofizialean dagoen .tar, .gz edo .zip fitxategia deskargatu.

  2. Jarraitu argibide webgune honetan agertzen diren argibideak.

Aldiz euskaraz jarri nahi badugu, pausu hauek jarraitu beharko ditugu:

  1. wp-content direktorioaren barruan, languages direktorioa sortu.

  2. languages direktorioan, eu.mo fitxategi hau sartu.

  3. wp-config.php fitxategian, WPLANG aldagaiari ‘eu' balioa eman.

Informazioa eta laguntza

Librezale, software librea euskaldundu eta hedatzeko taldeak lagundu du orain arte Wordpress lokalizatzen. Hemendik aurrera Wordpresseko webgune ofizialean informazioa topatzeaz gain librezaleko foroetan ere laguntza aurkituko dugu. Denok daukagu zerbait idatzi eta adierazteko beharra eta hori azaleratzeko beharra edo nahia sentitzen baduzu Wordpress kontutan hartu. Baina, ez ahaztu, edonork lagundu dezake softwarea euskaratzen edota software librea hedatzen, animatu!

Gorka Julio

2009, Martxoa 31
Arloa: Sarean