Azkue fundazioa

Gorka Julio

sarean091107Azkue fundazioa sortu berri da, euskara Interneten sustatzeko helburuarekin. Fundazioaren euskarria Bizkaiko Foru Aldundia da. Honekin batera,Deustuko eta Euskal Herriko unibertsitateak, Euskaltzaindia, Bilboko Udala ere patronatuaren parte dira. Aurkezpen publiko bat eta azkuefundazioa.org webgunearen bidez, eman dute fundazio berriaren sorreraren berri.

Filosofia

Azaldu dutenez, Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalari eta euskaltzalearen izena hartu dute. Azkuek bere lanean izandako jarrera ireki eta sarean lan egiteko izan zuen gaitasunagatik. Fundazio honek sarean lan egin nahi du. Hau da, pertsona, talde eta erakundeen arteko elkarlana sustatu eta elkarlanean jardutea. Gaur egun 2.0 jarrera deitu izan zaiona izan nahi duen erakundea da. Horregatik beraiek sortzen dutena lizentzia libreen bidez zabalduko dute.

Euskara Interneten sustatzea fundazio honen oinarrietako bat da. Horretara zuzendutako ekimenak bultzatu eta daudenak sustatuko ditu horregatik.

Ekimenak

  • Wikiplaza: Euskarazko Wikipedian idaztera gonbidatzen duen ekimena da. Ekimen honen helburua 2011rako euskarazko 70.000 artikulu eta hizkuntzen arteko 35. postua eskuratzea da.
  • Jakintza librea:Azkue fundazioak Jakintza librea bultzatu nahi du. Hau da, euskarazko edukiak, hala nola musika, filmak, liburuak, argazkiak, datuak, zientifikoak, historikoak, edo beste edonolakoak libreki banatzea guztien eskura egon daitezen. Filosofia honek honako baldintzak bete behar ditu: sortutako lanak baimenik gabe banatu ahalko dira, era librean; eta guztion elkarlanaren bidez sortutako lanen gainean doiketak eta hobekuntzak egin ahalko dira, datu eta zehaztasun berriak gehituz, osagarritasuna eta etengabeko berrikuntza helburu. Beraien lanetan eta bultzatutako ekimenetan Creative Commons by-sa lizentzia erabiliko dute.
  • Kaixo Frankie!: YoFrankie jokoaren euskarazko itzulpena. Frankie urtxintxaren munduan murgitzeko aukera ematen dizu, euskaraz eta Bizkaiko toki ezagunetan jolastuz. Bilboko Indautxu plazan, Guggenheim Museoaren inguruan eta Getxoko portu zaharrean jolasteko aukera izango duzu.
  • Jklik: Jclic mota ezberdineko hezkuntza-jarduera multimediak sortzeko balio duena: buru-hausgarriak, elkarketak, testu-ariketak, gurutzegramak, letra-sopak eta abar. Euskarazko Jclic aplikazioak bildu eta zabalduko dituen gunea sortu nahi du sarean. Hau da, Jklikaren inguruko euskal komunitatea eratu nahi du.
  • Xuxen bizkaieraz: Xuxen zuzentzaile ortografikoaren Bizkaierazko bertsioa jaitsi eta instalatu ahal izango duzu.
  • Gure jaso eta zabalduz: Proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da. Hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. Eredu bezala eta jada martxan dagoen proiektu bat aipatzen da, ahotsak.com proiektua hain zuzen ere.

Fundazio honek lan asko dauka aurretik. Helburu eta ekimen asko burutu nahi ditu, baina era honetako ekimenetan askotan gertatzen den bezala ikusi beharko da zer egiten den. Akats bat litzateke fundazio honen aldetik jada sare lanean ari diren ekimen asko ez kontutan hartzea. Wikipedian lan egin izan duten zenbait kideek jada bere zalantzak azaldu dituzte. Sare lana eta 2.0 jarrera bat izan nahi duen fundazio batek ez luke akats hori egin behar. Bestela ere, animo eta aurrera euskara Interneten zabaltzeari.

Gorka Julio

2009, Azaroa 07
Arloa: Sarean