XXI. mendeko telefonoa

Gorka Julio

sarean091126-2

VoIP edo Internet bidez deiak egiteko aukera ezaguna da aspaldi gure artean. Ordenagailu bat eta Internet konexio batekin bakarrik deiak egiteko aukera dugu teknologia horren bidez. Askotan dei horiek telefonoz egindakoak baino merkeagoak dira eta ordenagailuen artean izaten direnak beti dira dohainik. Horrelako programak dira Skype, Gizmo, Google Talk...  Baina horretaz gain, telefonoaren bidez komunikatzeko izaera ez da asko aldatu azken aldian. Orain aldiz, telefono arrunta Interneteko garaietara egokitzeko zenbait zerbitzu agertzen hasi dira, horien artean FonYou.

Zerbitzu honetan izen ematean telefono zenbaki arrunt bat lortzen duzu. Zenbaki hori izango da zure FonYou zenbakia. Zerbitzuaren webgunearen bidez, telefono horretara iristen diren deiekin zer egin erabakitzeko aukera izango duzu.

Deien filtroa

Tresna honen bidez jasotzen dituzun deiekin zer egin nahi duzun erabaki dezakezu. Iristen diren deiak beste telefono batera edo batzuetara bideratu ditzakezu. Edota pertsonaren arabera, deia erantzungailura zuzenean pasa. Ikus dezakezunez ez dituzu beste telefonoak utzi behar, zerbitzu hau zure oraingo telefonoekin bateragarria da.

Erantzungailu pertsonalizatua

Deitzailearen arabera erantzungailuak mezu bat edo beste eman dezake. Berez dakartzan mezuak erabili edo zure audio mezua grabatu dezakezu. Ondoren zure kontaktuetako zeini egokitzen diozun erabaki beharko duzu.

Audio mezuak kudeatu

Erantzungailura iristen diren mezuak Internet bidez entzun eta kudeatu ahal izango dituzu. Posta elektronikoko mezuak kudeatzea bezala da. Nahi dituzun mezuak entzun, ezabatu edota deskargatu ditzakezu.

Erabiltzeko ideia batzuk

  • Honen bidez mugikor zenbaki publiko bat eskaini dezakezu zure webgunean, sare sozialetan, blogetan etab. Edozein momentutan zenbaki bat blokeatu dezakezu zure benetako zenbakia eman gabe.
  • Zure elkarte edo enpresaren zentralita izan daiteke. Momentu bakoitzean zure deiak nora zuzendu behar diren erabaki dezakezularik.
  • Interneten erosketak egin behar badituzu, telefono hau baliatu dezakezu eskariak jasotzeko eta pribatutasuna mantentzeko.
  • Hainbat telefono linea telefono bakar batetik kudeatu nahi badituzu ere, aukera ona izan daiteke.

Google handiak, berdina egiten duen Google Voice zerbitzua eskaintzen du, baina oraindik ez da guregana iritsi. Hala ere, beste aukera bat ere badago. Software libreak beti ateak irekita uzten dizkigu eta Asterisk erabiliz, gure zentralita propioa eraikitzeko aukera beti hor izango duzu.

Gorka Julio

2009, Azaroa 26
Arloa: Sarean