ZutaGu ezagutza partekatzeko sare soziala

Gorka Julio

sarean100223-2

ZutaGu sare sozial berria sortu du Elurnetek. Zutagu ezagutza partekatzeko sare sozial bat da. Bere helburua, besteekin ezagutza partekatu nahi duten pertsonak bildu eta beraien artean elkartzea da. Goi mailako ikasketak dituzten pertsonak, gai batean lanean diharduten profesionalak edo aisi moduan gai baten inguruan interesa duten pertsonei baliabideak eskaini nahi dizkio sare sozial berri honek. Bertan erabiltzaileek hainbat tresna izango dituzte: blog sinple bat, fitxategi biltegi bat, laster-markak gordetzeko tokia, wiki antzeko orrialdeak, mikromezuak jartzeko haria… Baina horretaz gain, interes taldeak osatzeko aukera ere izango dute eta taldeek ere zenbait tresna propio dituzte: bloga, fitxategi biltegia, foroa, wiki orriak…

Sare soziala sortzeko Elgg software libreko plataforman hartu dute oinarri eta hau bera euskarara lokalizatu eta denon eskura jarri dute. Horrela nahi duenak bere sare sozial propioa sortu ahal izango du euskaraz Elgg tresna erabiliz.

Horretaz gain, nabarmentzekoa da, tresna erabiltzeko ez dela zertan kontu berri bat sortu behar, Google, Twitter, Yahoo eta OpenID konturen bat dutenek automatikoki sartzeko aukera izango baitu.

Jada 300 erabiltzaile baino gehiagok eman dute izena sare sozial berri honetan. Arlo guztietako jendeak izena eman badu ere, batez ere hezkuntza, komunikazioa, euskara eta teknologia arloetako jendea nabarmentzen da. Interesen arabera taldeak osatzeko aukera ematen duenez, talde berri asko sortu dira. Talde batzuk:

  • Kameraren atzetik: Argazkilaritza ez profesionalari buruzko taldea. Argazkiak maite dituzten erabiltzaileek beren argazkiak nola atera zituzten kontatzen dute.
  • Azpitituluak euskara ditzagun!: Filmeetako azpitituluak euskaratzea helburu duen taldea. Lanak koordinatu eta filmen azpitituluak elkarrekin sortzeko, sortutako taldea.
  • Jabetza intelektuala: Talde honen helburua jabetza intelektualaren inguruan hausnartzea da. Gai honen inguruan egon diren eta dauden legeak, teknologia berriek eragindako aldaketak, lizentziak, eta abar. Guztion artean, ditugun zalantza gehienak argitzea da helburua eta baita gai zabal honen inguruan informazio interesgarria trukatzea ere.
  • Android: Android mugikorrentzako sistema eragilearen zale eta garatzaile euskaldunen taldea.

Webgunean adierazten duten bezala, ziur gaude unibertsitateko irakasle bat bazara, zure herriko elkarte batean lan egiten baduzu edota gogoko dituzun gaien inguruan lan egiten duen pertsona bazara, zure ezagutza beste batzuekin partekatzeko gogoa izan duzula noizbait. Iritsi zara geltokira, hau da zure gunea.

Gorka Julio

2010, Otsaila 23
Arloa: Sarean