Wordpress 3.0

Gorka Julio

sarean100609

Wordpress blogak sortzeko erabiltzen den software tresna garrantzitsuena da gaur egun. Tresna honi esker bakoitzak bere bloga sortzeko aukera izango du. Zerbitzari propiorik gabe ere, mugatuagoa den arren Wordpress softwarea bultzaten duen enpresak sortutako Wordpress.net zerbitzua erabili dezakezu zure bloga sortzeko. Hala ere, berritasuna Wordpress tresnaren bertsio berria izango da. Blogak sortzeko tresnak baino, eduki kudeaketa sistema oso batean bihurtuko baita.

Wordpress 3.0 berriak aukera asko eskainiko ditu:

  • Menuak sortzeko aukera: aurretik ez zegoen aukera hau, baina orain menuak sortu eta webgunea hobeto egituratzeko aukera egongo da.
  • Mezu mota berriak: lehen bi mezu mota bakarrik zeuden, mezu arrunta eta orrialdea. Mezu arruntak normalean orrialde nagusian bata bestearen atzetik agertzen diren mezuak dira. Orrialdeak aldiz, epe luzeago batean webgunearen atal batean erakusten den eduki estatikoagoa. Hauetaz gain, orain mota berriak sortzeko aukera izango du erabiltzaileak.
  • Kudeaketa gunea sinplifikatua: kudeaketa gunea sinplifikatu da. Honi esker, egileak edukia sortzera zuzendu dezake bere lana.
  • Itxura berritua: blogek duten itxura lehenetsia hobetu dute. Sinplea izaten jarraitzen du, baina aurrekoarekin konparatuz gero aukera gehiago eskaintzen ditu. Burukoa, alboko barra, oina... moldatzeko aukerak eskaintzen ditu.

Baina aldaketa nagusia Wordpress gune anitza bihurtzea izan da. Orain arte Wordpress instalatzen zenuenean, instalazio horrekin blog bakar bat sortzeko aukera zenuen. Orain aldiz behin Wordpress instalatuta nahi adina blog sortu ahal izango dituzu. Honi esker, elkarte, talde, erakunde, enpresa... batek bere blog sarea sor dezake.

Hala ere, aurretik ere esan dugu aldaketa berri hauekin blogak sortzeko baino gehiagorako balioko duela Wordpress berriak. Blog sareak baino, hedabide sareak sortzen has gaitezke orain. Hedabide bat, zure taldearen webgunea, informazioa igorriko duen webgune bat... sortzeko tresna garrantzitsu batean bilakatzen ari da Wordpress. Aldaketa garrantzitsuak dudarik gabe.

Gorka Julio

2010, Ekaina 08
Arloa: Sarean