Bloglines eta eduki sindikazioa

Gorka Julio

saeran100921

Eduki sindikazioak, beste batzuei eduki batzuetara harpidetzaz jasotzeko erraztasunak ematean datza. Sindikazioa jario izeneko fitxategi batzuekin lotuta dago. Jarioak apaingarri gehiegirik gabe, asko eguneratzen diren webgune eta internet zerbitzuen informazioaren edukia ematen digun fitxategi (XML formatuan) bat besterik ez da. Informazio hori lortzeko fitxategi horretara harpidetu behar dugu eta harpidetza hori jario irakurgailuen bitartez egiten da. Hitz arraro hauek, informazioa kudeatzeko tresna garrantzitsuenetako bat gordetzen dute.

Jarioak blogekin ezagunak egin baziren ere, gaur egun erabilpen asko dituzte. Erabilpen arruntena, jarraitu nahi ditugun webgune interesgarrienetara harpidetzeko aukera. Baina horretaz gain, beste erabilpen batzuk ere badituzte. Bilatzaile gehienek adibidez, egindako bilaketetara harpidetzeko aukera ematen digute eduki sindikazio bidez. Horrek esan nahi du, bilaketa horretan zerbait berria agertzen denean automatikoki gure jario irakurgailu bidez jaso dezakegula.

Webgune batek jarioak dituen edo ez jakiteko, nabigatzaile berrietan abisu bat jasotzen dugu helbide barran. Baina, horretaz gain askotan webguneetan ikono laranja baten bidez adierazten dira. Helbide horretara harpidetu behar gara, informazio horietara harpidetu nahi badugu. Gainera, webgune bakar batek hainbat jario izan ditzake. Adibidez atal edo gai ezberdinetarako jario ezberdinak Berria.info egunkariaren kasuan bezala.

Orain berriro ere albiste dira, Bloglines jario irakurgailu erabilienetako bat, urriaren 1ean desagertuko delako. Hala ere, beste Interneteko zerbitzu askok ez bezala Bloglines-ek aukera ematen du bertan ditugun harpidetzak beste leku batera eramateko. Horretarako Bloglines-en esportaziorako tresna erabili dezakezu. Sustatu-ko tutorial honetan adierazten den bezala.

Ordezko zerbitzu asko dago Google Reader eta euskarazko Alesti adibidez. Bien artean aukeraketa bat egin behar izanez gero hainbat gauza kontutan hartu behar dira. Alde batetik, euskaraz dagoen bakarra Alesti da momentuz. Nahiko sinplea, baina mugatua era berean. Aldiz Google handiaren Reader tresna oso tresna aurreratua da. Aukera ugarirekin, baita jasotzen den informazioa partekatzeko erraztasunak ematen dituzten tresnekin. Azken aldaketetan gainera, pertsona eta informazio interesgarriak jarraitzeko aukera ematen duten tresnak hobetu dituzte.

Eduki sindikazioa beraz gaur egungo informazioa kudeatzeko tresna interesgarria izaten jarraitzen du. Batez ere, bakoitzak erabakitzen duelako bere iragazkiak eta intereseko gaiak zein diren. Gaur egungo informazio uholdean nabigatzen ikasteko tresna interesgarrienetakoa, erabili nahi duenarentzat.

Gorka Julio

2010, Iraila 21
Arloa: Sarean