Blogariak.net sare sozial blogala

Gorka Julio

Blogariak.net sortu du Elurnet euskal enpresak. Blogari.net blogak sortzeko lehen euskarazko plataforma sortu zuen enpresak orain Blogariak.net sortu du. Sare sozial eta blogak sortzeko tresnen arteko hibrido bat.

Blogariak.net aurreko proiektuaren eguneraketa bat da, eboluzio bat. Bertan blog bat sortu eta orain aukera gehiagorekin kudeatu dezakezu. Hala ere, horretaz gain plataforma osatzen duten pertsonen arteko harremana sustatzeko, sare sozial bat ere badu. Sortzaileen hitzetan:

Blogari isolatuak izatetik, euskarazko sare sozial blogalera pasa gara

Bertan parte hartzeko bi aukera daude. Erregistro botoia sakatu, bloga sortu nahi duzun edo ez esan eta datuak bete. Hori eginez gero zure erabiltzailea eta bloga (horrela aukeratu baduzu) sortuko dituzu eta blogariak.net-eko partaide izango zara.

Partaide bakoitzak profil publiko bat izango du eta horrekin lotuta baita argazkitxo bat ere. Profil publiko hori izango da sarean bere identitatea.

Partaideak beraien artean komunikatzeko hainbat tresna izango dituzte. Lehenengoa, aipamenak dira; @erabiltzailea sintaxia erabiliz, erabiltzaile batek beste bati erreferentzia egin diola adierazi dezake. Era honetan, aipamena jaso duen pertsonak norbaitek aipatu duela jakingo du.

Beste era bateko komunikazioa mezu zuzenak dira. Mezu zuzenak erabiltzaileen arteko mezu pribatuak dira. Tresnan parte hartzen duten beste pertsonek jasoko ez dituzten mezuak alegia. Posta elektronikoaren antzeko mezuak dira, baina plataformaren barneko partaideen artean bakarrik. Posta elektronikoa erabili behar izan gabe eta ezagutu gabe bidali daitezkeeenak.

Orain arte pertsona eta talde batzuek jada tresna erabiltzen hasi dira. Horien artean: Egizu Getxo euskaldun elkartea, Bizarra Lepoan euskara elkartea, Ricardo Gomezen "Filoblogia" bloga edo Orbaitzeta kultur ekimenak.

Blogariak.net-en bloga edo erabiltzailea sortzea erraza eta doan da. Zu edo zure taldeak blog bat behar badu eta euskarazko sare sozial blogalaren parte izan nahi baduzu hau da zure aukera.

Gorka Julio

2010, Urria 28
Arloa: Sarean