"Ezkerraldean bertsoak asko eskertzen dabezan jendea be badago"

Kontaizu

bl34.jpg

  • Ion Barrocal Besga. Trapagarangoa 25 urte.
  • Lagunekin irtetea, kirola egitea, ondo jatea, bertsoak entzutea eta kantatzea... gustatzen jako.
  • Ezkerraldeko bertsolari txapelduna da aurten.
  • Lehenengo aldiz kantatu dau Bizkaiko txapelketan.

 

 

Nola hasi zinen bertsotan?

Lehenengo bertsoak Trapagarango ikastolan entzun nebazan. Hasieratik asko gustatu jatan. Egun batean animatu eta Santutxuko bertso eskolara joan nintzen. Eta ordutik, hainbat tokitan ibili gara (Trapagaranen, Barakaldon eta Sestaon) harik eta bertso eskola egin arte.

Ezkerraldea eta bertsoa. Erraza al da bi gauzak uztartzea edo batzea?

Bueno. Bertsozaleak badagoz, baina ez asko. Euskaraz bizi dan oso jende gitxi dago. Eta, beraz, normala da bertsozale asko ez egotea. Euskal Herriko finala Barakaldon egin zanean goraino beteta egon zan, baina beste herrietatik jende piloa etorri zalako (Gipuzkoatik, batez ere). Hori bai, bertsoak asko eskertzen dabezan jendea be badago. Gu leku batzuetara ia-ia abesten hasi ginenetik beti joan gara, azkeneko bost urtetan jarraian edo.

Zer sentsazio izan duzu zure lehen Bizkaiko txapelketan Arrigorriagan?

Ni oso pozik geratu nintzen saioko laugarren postuagaz. Eguna oso ondo pasatu genuen. Eguerdirako bertan gengozan, trago batzuk hartu, bazkaldu, berba egin, elkarri kontu batzuk esan, kafea hartu, saiora joan eta kantatu. Nik uste dot nire mailan ibili nintzela. Hori bai, kartzelakoan puntu mordoa galdu nebazan, denbora gehiegi galdu neban... Pena hori daukot. Baina pozik nago, oso denbora gutxian asko hobetu dut eta gustura nabil. Hurrengoan gehiago eta hobeto.

Hasi bertso eskolako kidea zara. Zer moduz doa bertso eskola?

Apurka-apurka aurrera doa. Elkartu eta abestu egiten dogu, librean edo gairen bategaz. Nire asmoa behintzat lagunarte onean ondo pasatzea da. Hori eta bertsotan gero eta hobeto egitea ere bai, noski.

Zein kirol da gogorragoa, hitzaren kirola (bertsoa) edo harri-zulatzea?

Ni bertso saioetara ondo pasatzera noa. Bizkaitik saioak grabatzen ibiltzen naz elkarterako eta saio txarrak daude, beti ez daukazu gogo berdina... Baina ni neu gehienetan gustura egoten naz. Eta harriak zulatzeaz, berriz, ba, nik ezin dizut gauza handirik esan, ez naiz sekula ibili. Pare bat bider entrenatu dut baina besterik ez. Esaten dute gogorra dela, bai, baina arrauna ere gogorra izango da, eta bizikleta...

Ezkerraldeko txapeldun izateak zer esan nahi du zuretzat?

Irabazi nuenean kriston ilusioa egin eustan. Baina, bueno, beste egun askotan be ilusio handiagaz joan naz etxera.

Nortzuk dira zure faboritoak aurtengo Bizkaiko txapela janzteko?

Nik uste dot aurrean geratzen direnen artean alde gutxi egongo dela. Ikusiko dugu!

PUNTUKA

 

EMETIK BERTSO KABARETA

Izenak berak diñoan moduan Emetik bertso kabareta hiru emakumek osaturiko ikuskizuna da.Onintza Enbeita muxikarrak, Iratxe Ibarra markinarrak eta Oihane Perea gasteiztarrak ordu betetik gorako barre algarak egin arazoten dautsiez ikustera hurbiltzen dan bertsozaleari. Bertso jarriak, musikatuak, bat batekoak zein entzuleari adarra jotzen dautsie saio honetan hiru emakumeok euren alderdi femeninoa bistaratuz, toke probokatzaile baten bidez umorea landuz. Hogei saiotik gora egin dituez orain arte Euskal Herriko herri, taberna eta antzokietan zehar.

Iñaki Iturriotz

 

 

 

Kontaizu

2006, Azaroa 01
Arloa: Bertsoleku