Bizkaiko umeen eta gaztetxuen XXIV bertsolari txapelketea

Kontaizu

bl42

  • Nerea Ibarzabal eta Jone Uria txapeldun
  • Final polita, ikusgarria eta lehiatua izan zan
  • Euskal Herriko txapelketa jokatu berri da Altsasun
  •  

 

Bilboko El Carmen aretoa gazte bertsozalez eta animoak emoteko pankartaz jantzite egoala hasi zan eguerdiko ekainaren 1ean, eguerdiko 11.00etan. Aurretik bertso saio ona eta lehiatua egoan entzuteko finalera heldu zirean hamalau bertsolariengandik eta ez eben hutsik egin. Bizkaian bertsolaritzaren erreleboa esku onetan dagoala erakutsi eben beste urte batez be. Finalaren aurretik, ohiturea dan legez kanporaketak egoten dira. Aurten be halan izan da, adin bakoitzeko hiru kanporaketa egon dira. Bermeon kantatu eben 14 urte artekoak, aurten parte hartzea, 70 bertsolaritik gorakoa izan dalarik, bizkai osoko ikastolatatik etorritakoak. Markinan eta Ondarroan egin ziren beste bi kanporaketak, 14 urtetik 16 artekoena eta 16 tik 18 urte bitartekoena. Halan ba, bidean asko geratu baziren be, sei bertsolari sailkatu ziren umeen mailan finalean kantatzeko eta zortzi barriz gaztetxuen atalean. 14 urteartekoen mailan, Imanol Uria, Maialen Markaida, Nerea Ibarzabal, Andutz Zulaika, Elene Lejarzegi eta Garazi Agirre izan ziren. Egin beharreko beharra, lau oinakaz zortziko txikian bertso bat osatu, bertso bat bakarkako gaiagaz, zortziko txikian ofizioka aritu eta puntu gehien lorturiko bi bertsolariak zortziko handian egin behar eben azken beharra. Lau oinakaz behar bat aitatutekotan Nere Ibarzabal markinar gaztearena aitatu behar da. Hemen Nereak kantatu eban bertsoa: Honaino igo gara guztiok batera gogorregia da gaur dugun egoera. Kopa eta txapela ez da gauza bera aprobetxatuko dot daukadan aukera Ofizioetan behar politak eta bertso ale onak entzun zirean. Nerea Ibarzabal eta Garazi Agirre bi futbol zaleren papelean ipini ebazan gai jartzaileak. Azken partiduaren aurrean Garazi Athletic zalea eta Nerea barriz Errealaren aldekoa. Garazik bere taldea onena dala gogor defenditu eban eta Nereak holan bukatu eban bere bertsoa: Hankak bigunak eta gogorra azala/ alperrik gabiz baina aupa Erreala/. Buruz burukora nor pasatuko zan esan orduko be baegoan tentsioa baina Nerea Ibarzabalek eta Elene Lejarzegik lortu eben pasea. Gazteen mailan be final lehiatua espero zan. Aurreko urteetan irabazle izanikoak eta aurrerantzean zer esana emango daben gazteak batu zirean, baita lehenengo aldiz final batean kantatzeko aukera eukienak be. Miren Amuriza, Jone Uria, Arrate Illaro, Eñaut Uruburu, Aitor Beitia, Xabier Iturraspe, Irati Erkizia eta Pello Ormazabal aurkezleak deitu ahala igo ziren taula gainera eta bakoitzak bere jarraitzaileen taldea ekarri ebala argi geratu zan hango zarata eta animoak entzun ostean. Gazteen mailan egin beharreko beharra honakoa izan zan: Bakarkako lanean bertso bat kantatzea eta ofizioka bai zortziko handian zein txikian bina bertso egitea zan, eta hortik puntuazio altuena lortzen eben bi bertsoalriak kartzelako lanean arituko ziren puntu bateri erantzunez eta bertso bat doinu eta neurri librean osatuaz. Gaiak holan iñoen: Beti pentsau izan dozu denda horretara sartu eta zeozer ostutea bina inoz eztozu egin. Gaur sartu, ostu eta urten egongo dozula erabaki dozu. Dendara sartu zara. Gaia zabala eta polita zanez kantatzeko arrazoi asko eta desbardinak entzun zirean. Aberatsei ostutera joian pobrea, maiteminduta eraztuna ostutera joianarena, baina bat aipatzekotan Miren Amurizaren bertsoa jarri behar da, nola identifikatzen dauan bere papela eta bertsoaren edertasun eta amaiera zorrotzagaitik: Berrogeita bost urte daukodaz Joan dan astean beteta Etxea eta hiru umeak Ahaztu nahi neukez tarteka Sex-shop hortako kartelak dino ‘Hementxe dago olgeta’ Sartu behar dot neure burua Txamarra azpian gordeta Kontsoladore bategaz nahi dot Hartu gozatzeko beta Gizonak pilak sartuta ere Ez deusta emongo eta Ofizioka bai, handian zein txikian egon zan bertso aipagarrik parte hartzaile guztien beharretan baina benetako momentua buruz burukoan egon zan. Miren Amuriza eta Jone Uria sailkatu ziren eta ederto baten osatu eban bakoitzak bere beharra. Hemen bi bertsolariek eginiko beharra: Miren Amuriza Puntuari erantzuna: Beti irribarretsu Egoten al zara? Malkoak egiten daust Betondoan traba Bistakoa da sarri Daukagun patxada Baina barrutik triste Be egoten gara Kartzelako lanaren gaia: Gaixotasun luze baten ostean zuen aitite hil egin da. Gaur danok batu zarie bera agurtzeko. Ez da makala minbizi batek Egin leikean kaltea Alper alperrik bizi izateko Daukagun borondatea Bizi moduan ezebe ez da Perfektoa eta merkea Ta abadeak diñoan arren Datorkiola bakea Nigandik urrun joango zara Aitite Patxi maitea Baina ez da erraza irri batekin Beti agur esatea. Jone Uria Puntuari erantzuna: Beti irribarretsu Egoten al zara? Horrela egotea Sarritan zaila da Une txarretan hobe Hartzea patxada Eta albo batera Uztea ikara Kartzelako lanaren gaia: Gaixotasun luze baten ostean zuen aitite hil egin da. Gaur danok batu zarie bera agurtzeko. Biriketako kartzer txar batek Aspaldi eginda bere Nahizta mediku asko lanean Aritu ondoan trebe Gure laguntzak ere ez zion Egiten antza mesede Nahiz banuen zientzian eta Bestetan hainbeste fede Behingoz joan da gure artetik Len zena gure errege Denborak dena konpontzei ei du Baita izorratzen ere. Azkenean, goiz guztian lorturiko puntuak batu ostean, umeen mailan Nerea Ibarzabal izan zan txapeldun eta Elen Lejarzegi bigarren. Gazteen mailan, Jone Uriak eroan eban txapela eta bigarren Miren Amuriza sailkatu zan. Bizkaiak bada, lau ordezkari hauek izango dauz aurtengo Euskal Herriko eskolarteko finalean Altsasun. Umeen mailan, 14 urteartekoetan: Nerea Ibarzabal Elene Lejarzegi Gazteen mailan, 18 urteartekoetan: Jone Uria Miren Amuriza

PUNTUKA

 

Euskal Herriko XIX. Eskolarteko finala

Ekainaren 23an Altsasuko Burunda pilotalekuan ospatu zan sariketa honen finala goiz eta arratsalde luzatu zan saioan. Goizean 14 urterainoken saioa egon zan eta maila honetan Gipuzkoako bi bertsolariak nagusitu zirean: Amaia Iturrioz izan zan txapelduna eta Imanol Irazustabarrena azpi txapeldun. Hamazortzi urteartekoetan saio bizia izan zan. Bigarren txandara bost emakume eta gizonezko bat pasatu zirean eta azkenean lehen bi postuak ere emakume lapurtarrentzat izan zirean.Maddalen Arzallusek jantzi eban txapela eta bigarren Kristine Txoperena sailkatu zan.

 

Kontaizu

2007, Uztaila 01
Arloa: Bertsoleku