Maddalen Arzallus eta Amaia Iturriotz txapeldun

Kontaizu

bl43.jpg

  • Euskal herriko herrialde danak izan dabe ordezkaritza
  • Bertso kalitate eta maila handiko finala.
  • Emakumeak nagusi izan dira
  •  

 

Bertsolaritza gaztetuz doan adibide garbia izan zan San Juan egunez, ekainaren 23an, Altsasuko Burunda pelotalekuan Euskal Herriko XIX. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa 2007ren finala jokatu zan eta bertan hamazortzi urtez azpiko bertsolariak goiz eta arrastiz jardun ziran bertso kantari. Euskal Herriko herrialde guztiak izan eben ordezkaritza eta herrietatik etorritako hainbat eta hainbat jarraitzailek berotasun itzela eskaini eutsien bertsolariai. Goizean hamalau urte artekoen saioa izan zan. Egin beharreko ariketak honeik ziran: Agurreko bertsoa, lau oinak emonda bertso bana eta ofizioka zortziko txikian bina. Galbahea ostean, hamalau bertsolaritik aukeratutako sei onenak berba bat gaitzat hartuta bertso bat eta barriro be ofizioka egin behar eben, oraingoan zortziko handian. Partehartzaileak, Elyem Chej (Legutio, Araba), Guillermo Vegas (Trebiñu, Araba), Elene Lejarzegi (Lekeitio, Bizkaia), Paxkal Iriart (Baiona, Lapurdi), Irati Majuelo (Iruñea, Nafarroa), Mikel Cherbero (Irulegi, Nafarroa Beherea), Guillen Negeloua (Urdiñarbe, Zuberoa), Nerea Ibarzabal (Markina, Bizkaia), Ortzi Murua (Azkaine, Lapurdi), Josu Sanjurjo (Lesaka, Nafarroa), Eñaut Zaldunbide (Anauze, Nafarroa Beherea), Johaiñe Sarraillet (Lakarri, Zuberoa), Amaia Iturriotz (Urretxu, Gipuzkoa) eta Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gipuzkoa). Txapeldun Amaia Iturriotz eta Imanol Irazustabarrena txapeldunorde. Aipatzekoa da arabar gazteak eta nafarrak be galbahea pasatzea lortu ebela. Bazkaldu ostean, hamazortzi urte artekoen saioa hasi zan. Maila handiko saioa izan zan, teknika handiko bertsoak eta osatuak kantatu ebezalarik han batutako guztiak gozarazoz. Arrastiko saioa be betea izan zan eta epaileentzako lana polito estutu eben bertsolariak. Partehartzaileak, Mattin eta Bixente Luku (Donibane Garazai, Nafarroa Beherea), Iker Gorrosterrazu (Ituren, Nafarroa), Alazne Untxalo (Ituren, Nafarroa), Mikel Olaizola (Elgoibar, Gipuzkoa), Hodei Iruretagoiena (Zarautz, Gipuzkoa), Miren Amuriza (Berriz, Bizkaia), Jone Uria (Algorta, Bizkaia), Ander Solozabal (Gazteiz, Araba), Ekaitz Samaniego (Gazteiz, Araba), Maddalen Arzallus (Hendaia, Lapurdi) eta Kristine Txoperena (Hendaia, Lapurdi). Txapeldun Maddalen Arzallus izan zan eta bere herrikide eta lagun Kristiñe Txoperena izan zan txapeldun ordea. Egin beharreko bertsoak honeik ziran: Agur bana, binaka ofizioka zortziko nagusian eta txikian bina bertso eta galbahea pasatzen daben sei bertsolariak kartzelako lanean puntuari erantzun eta bertso bat gai baten inguruan hamarreko handia neurri handiena zalarik. Bertso saioaren ofizioak aipatzekotan, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizak egin ebena izan zan. Arzallusek gidatzeko baimena ateratzeko azteketea eukan alabearen papelean kantatu eban eta Miren Amuriza amak ostera, gurago eban alabeak azterketea ez gainditzea. Hemen ofizioa:

Maddalen Arzallus

Lehenengo aldiz aterako dut Gaur kotxeko azterketa Ta horregatik nago zurekin Hemen izuaz beteta Zu berriz beldur handiarekin Ia galdurik oreka Zu lasai egon zu baino askoz Hobea izando naiz eta.

Miren Amuriza

Autoeskolan daramatzazu Bi hilabete inguru Gidabaimena ta askatasuna Zein ote duzun helburu Gure etxean lasaitasuna Mantendu gura badugu Hobe arriskuan bakarrik baño Nirekin eta seguru.

Maddalen Arzallus

Ni ere seguru ibiliko naiz Aldapan behera eta gora Ta pixkanaka ikasiko dut Eman zaidazu denbora Gaur azterketa dudala eta Nago benetan gustora Eta gaitera zure kotxea Neretzako izango da.

Miren Amuriza

Errepidean gauza ugarik Egiten ute enbarazu Baia Maddalen zure amari Egin ezaiozu kasu Gasolina neuk ordaintzen dizut Pagotxa daukazu aizu Gero ere astia badaukazu ta Aprobetxatu ezazu. Jone Uriak neurri honetan ofizioan bota eban lehen bertsoa be aitatzekoa da. Kristine Txoperena eta biak lagunak zireala eta aurreko gauean zerbait gehiago izan ahal zirela esan eutson Kristinek Joneri eta hemen Jonek eman eutson erantzuna: Nahiz ta burua sarri daukadan Kristine nahastu samarrik Ez zaitut maite seguru nago Ez dut pentsatu beharrik Ahantz dezagun atzoko hura Izan dezagun indarrrik Eta lagunak izan gaitezen Baina lagunak bakarrik. Zortziko txikiaren atala be polita izan zan baina bertsolariak ez eben asmatu ofizioaren osotasunean baina izan zan bertso polit eta barregarririk. Ekaitz Samaniego eta Mattin Lukuk osatu zuten ofizioa izan zan barre algara gehien sortu ebana. Samaniego Lukuren gimnasiora joan eta Lukuk ia bere moduko gorputza gura ete eban galdetu eutson. Holan erantzun eutson Samaniego arabar gazteak: Beso batekin soilik Ahal zaitut eraman Eta txorakeririk Ez ezazu erran Ze bestela oraintxe Egingo zaitut jan Zu super nano zara Eta ni superman. Galbahea pasatzeko ordua heldu zanean bost neska izan zirean aurrera egin ebenak. Jone Uria, Miren Amuriza, Alazne Untxalo, Maddalen Arzallus, Kristine Txoperena eta mutil bakarra, Mattin Luku. Puntuari erantzunean antzeko erantzunak egon ziren eta orokorrean ondo erantzun eben, Zorrik ba al diozu/zure herriari esaldiari. Kartzelako lanean hainbat urtean bizi izandako etxea itxi beharrean dagozanaren papelean kantatu eben bertsolariak. Maddalen Arzallus txapeldunaren bertsoa izan zan osatuena: Gaur alde egin behar dudanez Nere herritik harago Agur Agerre nerea etxea Hau bukatu da akabo Zure bornean oroitzapenak Gorde izan ditut luzaro Eta hargatik ate aurrean Negarrez beteta nago Etxea hutsik geratzen bada Bihotza askoz hutsago. Bigarren bertsoa ostera, holan amaitu eban. Hala ta guztiz zu lasai egon Ene sorterri maitea Berriro ere zabalduko dut Gaur ixten dudan atea. Mattin Lukuk umorerako aukera ez eban alperrik galdu eta hori asko eskertu eben entzuleak. Hemen Mattinek botatako bi bertsoen azkenak: Orain etxe hau utzi behar dut Baina hori ez da kezka Azken batean ene etxea Etxe bat bertzerik ez da. Eta bigarrena : Baigorri aldean eraikiko dut Etxe bat berdin berdina. Eskolarteko final honen garrantziaz berba egin dau Juanjo Respaldiza bertso irakasleak, eskolarteko txapelketearen antolatzaile be bada eta. Juanjoren ustez « txapelketea gailur eder bat da ikasturteari amaiera ikusgarria emoteko. Baina, halan be, urteko eta urteetako beharra da egun bakar honetan agirira datorrena. Bertsoaren irakaskuntzan dabizanak eta bertsolariak eurak be jentaurrean barik, gelako eta bertso eskolako jardunean egiten dabe aurrera ikasturtearen joanean gero frutuak agertu ahal izateko. Txapelketearen garrantzia beste lanagaz konpartitua da, orduan ; kanporatze ekitaldia da txapelketea baina zer kanporatu euki behar da eta hori urte guztiko lanak emoten dau.»

Egilea:

Iñaki Iturriotz

PUNTUKA

Kontaizu

2007, Abuztua 01
Arloa: Bertsoleku