Xabier Silveira “lur”eko txapeldun

Iñaki Iturriotz

Xabier Silveira da Nafarroako txapeldun berria. Martxoaren 21ean, larunbatean, izan zen finala Elizondoko lur dantzalekuan. Iazko atsedenaren ostean, seigarrenez jantzi du txapela Lesakako bertsolariak Julio Soto gaztearekin buruz-buruko desenpatea jokatu ondoren.

Txapelketa jendetsua izan da aurtengoa eta final laurden eta finalerdietan zale asko hurbildu bazen entzutera eta gozatzera, finalean entzuleek kanpoan geratu behar izan zuten denetzat lekurik ez zegoelako barruan.

Finala beroa eta parekatua izan zen. Julen Zelaieta, Erika Lagoma, Julio Soto, Xabier Silveira, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes "Itturri", Xabier Legarreta eta Jon Barberena izan ziren bertsolariak. Zortzi finalistek lortu zuten entzuleengana iristea baina bukaerako atalean igarri zen gehien entzuleen berotasuna. Izan ere, aurreko egunetako kinielak bete ziren. Xabier Silveira eta Julio Soto izan ziren bertsolaririk puntuatuenak baina bien arteko aldea bost puntuz azpikoa zenez desenpatea jokatu beharra izan zuten. Bertsoaldi polit baten ondoren Silveirak jantzi zuen txapela eta bertsolariek oroigarriak jasotzeko unean bertso bi ere kantarazi zizkion publikoak txapelduna eta txapeldunordeari.

Azken puntuazioa eta sailkapena:
Xabier Silveira (617), Julio Soto (606.5), Erika Lagoma (430), Iñigo Olaetxea (423.5), Jon Barberena (423), Julen Zelaieta (420), Xabier Legarreta (417.5), Ander Fuentes "Itturri" (394).


Bestalde, San Joseetako bertso saioa izan zen Igorreko lasarte aretoan San Jose egunez. Urte askoko ibilbidea dauka Arratiako Bertso Eskolak antolatzen duen saioak. Hasieran frontoia jendez beteta egiten ziren saioak eta aurtengoan ere ia hirurehun entzulek girotu zuten saioa.

Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Amets Arzallus eta Igor Elortza aritu ziren kantari. Ofiziokako saioak izan ziren lehenik eta gero bertso saioa iragartzeko karteleko oinekin ere elkar aurkeztu ziren bertsolariak. Amaieran, Arratiako berbak erabiltzeko eta bizkaieraz kantatzeko eskatu zitzaien bertsolari giputzei Ai Zapotxin kopla doinu ezagunean eta entzuleek ederki txalotu eta kantatu zuten bertsolariek egindako ahalegina.

bertso_09_03_04


BBK sariketeak ere baditu bi finalistak bere XVII. Edizioan. Ipar Uribe eta Lea Artibaiko eskualdeek kantatuko dute ostiralean, martxoak 27, Bilboko Kafe Antzokian iluntzeko zazpiretatik aurrera. Izango duzue web orri honetan final horren barri.

 

Iñaki Iturriotz

2009, Martxoa 25
Arloa: Bertsoleku