Altsasutik Euskal Herriari kantari

Iñaki Iturriotz

Ekainean bertsozaleok urtero izan ohi dugun zita garrantzitsua da Euskal Herriko Eskolarteko txapelketaren finala. Egun polit bat lagunekin eta festa giroan pasatzeko aitzakia polita izango da larunbatekoa. Bertsolari gazteek duten mailaz gozatzeaz gain hemendik urte gutxitara Euskal Herriko herri eta auzoetan bertso kantari ibiliko diren bertsolariak bertatik bertara ikusteko eta entzuteko aukera ere bada.

bertso_09_06_02

Euskal Herriko XXI. Eskolarteko Bertsolari txapelketa Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko da, ekainaren 20an. Goizeko 11etan gaztetxoen txanda izango da. 14 urte artekoetan Beñat Mendia, 14 urteko zeanistarra eta Arrigorriagako 14 urteko Olatz Ipiña izango dira Bizkaiaren ordezkariak. Kantu lagun, beste herrialdeetako bertsolari gazte hauek izango dituzte: Arabatik, Beñat Olano eta Peru Abarrategi; Gipuzkoatik, Mikel Iturriotz eta Haritz Mujika; Nafarroatik, Idoia Saez eta Mikel Lasarte; Lapurditik, Ortzi Murua eta Maddi Sarasua; Nafarroa Beheretik, Eñaut Saldunbide eta Allende Etxeberri eta Zuberoatik, Johaiñe Sarraillet eta Ibai Capot Tornary.

Eguerdian bazkaltzeko tartea izango da eta atseden hartu ondoren gazteen mailako parte hartzaileen txanda izango da, 15.30etatik aurrera. 15 urtetik 18urte artekoetan Arrigorriagako Peio Ormazabal eta honen anaia gaztea, Txaber Ormazabal izango dira Bizkaiaren ordezkariak. Beste herrialdeetako finalistak bertsolari hauek izango dira: Arabatik, Xabi Igoa eta Ander Solozabal, Gipuzkoatik, Amaia Iturriotz eta Ane Labaka, Nafarroatik, Saioa Alkaiza eta Josu Sanjurjo, Lapurditik, Maddiane Txoperena eta Maiana Irigoyen, Nafarroa Beheretik, Mattin Luku eta Bixente Irigoyen eta Zuberoatik, Gilen Negeloua.

Izango duzue irabazleen berri!!

Iñaki Iturriotz

2009, Ekaina 16
Arloa: Bertsoleku