Bertsolari gazteen indarra
Euskal Herriko XXI. eskolarteko bertsolari txapelketa 2009
Argi geratu zen Altsasun bertsolari gazteek daukaten indarra eta bertsotarako gogoa. Goizean eta arratsaldean egin ziren saioak biziak eta onak izan ziren. Azkenean, Ortzi Murua lapurtarrak irabazi zuen gaztetxoen mailan eta bigarren Mikel Iturriotz gipuzkoarra geratu zen. Gazteen mailan gipuzkoarrek eraman zituzten bi sariak. Amaia Iturriotz izan zen irabazlea eta bigarren Ane Labaka geratu zen.
Goizeko hamaiketan hasi zen gaztetxoen jarduna. Gai baten inguruan bertso bat osatzea, lau oinak emanda bertso bat egitea eta ofizioka zortziko txikian aritzea izan zen egin beharreko lana. Gazteek saio azkarra egin zuten, denbora tarte laburra hartu zuten bertsotik bertsora eta barre algarak ere sortu zituzten botatako bertsoekin Altsasun bildu ziren bertsozaleen artean.
Goizeko saioaren ondoren bazkariaren ordua iritsi zen. Nerbioak lasaitu eta agurrak pentsatu ondoren igo ziren taula gainera arratsaldeko protagonistak. Ofizioka egin zuten hamairu bertsolariek, zortziko handian eta zortziko txikian. Ondoren galbahea etorri zen: Aurrera egin zuten sei bertsolariek kartzelako lana bete zuten. Bertso politak entzun ziren lan honetan, neurri luzeetarako daukaten abilezia agerian utziaz.
Sari banaketan, parte hartzaile guztiak pozik zeuden. Batzuk txapela jantzita, besteak oroigarria eskuetan eta denak ere hemendik gutxira elkarrekin egingo duten aisialdiko bidaian pentsatzen.
Aipagarria gure ordezkariek egin zuten lana. Gazteetan ederto aritu ziren Olatz Ipiña eta Beñat Mendia. Azken honek gaztetxoen ataleko azken fasean sartzea lortu zuen. Arratsaldean ere, Peio eta Txaber Ormazabal anaiak ondo ibili ziren. Peio Ormazabalek kartzelako lanera sailkatzea lortu zuen. Zorionak lauroi!!