Ika, ika GOROZIKA!!

Iñaki Iturriotz

Bizkaiko ikastetxeetan eta Bertso Eskoletan ikasturte osoan bertsolaritza lantzen ibili diren ikasle gazteak merezi duen moduko amaiera eman diote kurtsoari Gorozikako Bertso barnetegian. Urtean hiru aldiz batzen dira gazteak eta sasoi honetan egiten den egonaldiak arrakasta itzela izaten du urtero.

bertso_09_07_01

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eta Ikastolen Elkarteko irakasleak zaindari Bizkaiko herri eta auzo askotatik etorritako gazte taldeak giro ederrean pasatu ditu ekainaren 24tik 27ra bitarteko egunak. Ondarroa, Sopela, Deustu, Arrigorriaga, Txorierri, Algorta, Zornotza... Bertso Eskola asko egon ziren ordezkatuta. Hemen duzue hiru egunen azalpen kronologikoa:

Ekainak 24: Arratsaldeko bostetan batu ziren ikasleak. Elkar agurtu eta bertso saio labur bat egin zuten. Iluntzean afaldu eta gauean oherako bidea hartu gabe heldu zitzaien askori hurrengo goiza ere. Bertsotan egiteko inspirazio eta doinu berrien bila ibiliko ziren hiriburuko eta kostaldeko neska mutilak.

Ekainak 25: Goizean mendi irteera egin zuten. Aldaparen gogortasunak eta aurreko eguneko lo faltak hitzik barik utzi zituen bertsolari gazteak. Eguerdirako aterpetxera jeitsi eta bazkari goxoaren ostean postre bereziaz gozatzeko aukera izan zuten. Jon Plazaola aktoreak bakarrizketa barregarri eta polita eskaini zien Gorozikako elizako aterpean. Gauean, altxorraren bila jolasaren ondoren, bigarren egunean jarraian zerbaiten bila jarraitu zuten gazteek goizaldeko ordu txikietarte.

Ekainak 26: Autobusa hartu eta Elantxoberako bidea hartu zuten. Eguraldia lagun, eguzkiaren berotasuna itsasoko urdinaren lasaitasunaz errimatzen saiatu ziren portuan uretara salto egiten zuten bitartean. Joko olinpikoetako salto lehiaketa ematen zuen... bat bestearen ostean uretara jausi eginez. Otartekoak jan ostean, arratsaldean barriro iritsi ziren aterpetxera denak iladan eta kantari. Goiz afaldu ondoren zornotzara abiatu ziren 7 astoren gainean triki bertso ekimenean parte hartzera. Furra furra doinuan bezperan prestatutako koplak kantatu zituzten bikoteka, askoren lehen jendaurreko agerpena!!

Ekainak 27: Ohetik gosaltzera altxatzea bapo kostatu ondoren, motxilak egin, lo sakuak batu, aurpegiak garbitu eta gurasoen etorrreraren zai geratu ziren, etxera joateko penaz baina hurrengo barnetegia hasteko falta diren egunak kontatuaz.

 

Iñaki Iturriotz

2009, Ekaina 30
Arloa: Bertsoleku