Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia udazkenean hasiko da

Iñaki Iturriotz

Udazkenari begira pasatuko ditugu bertsozale askok udako hilabete hauek. Izan ere, udazkenean jarriko da abian Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009.

tn05_jendetza

BECeko irudi honek laburbiltzen du ondoen 2005eko abenduan bertsozaleok izan genuen festa handia. Egun osoan zehar bertsoez gozatzeko aukera izan genuen eta jai erraldoi baten partaide bihurtu ginen Bizkaia Arena pabiloi nagusia bete genuen 13.000 bertsozaleak. Goizeko bertsolarien igoera jende artetik, ofiziotako bertso mamitsuak, bakarkako ale ederrak, arratsaldeko txalo zaparradak, buruz buruko ofizioak, maritxu eta bartoloren maitasun istorioaren kontakizuna... hainbat eta hainbat une gogoangarri izan genituen orduan... eta aurtengoan ere izango dugu horrelakorik...

Finala abenduaren 13an jokatuko da BECen. 44 bertsolarik hartuko dute parte. Herrialdeetako txapelketetan eta 2005an parte hartzeko eskubidea lortu duten bertsolari guztiek eman dute izena.

Txapelketaren girotzea izango dira udako saioak ere. Bertsolariek jaietan jartzen duten giroaz gozatzeaz gain bertsozaleak batzeko leku egokia dira herriko plazak. Ondo pasa uda eta izango duzue txapelketa nagusia eta bertsoen inguruko berri gehiago www.kontaizu.net webgunean.

Iñaki Iturriotz

2009, Uztaila 22
Arloa: Bertsoleku