Uztaritze eta Zarautzera begira

Iñaki Iturriotz

Jone Uria, Etxahun Lekue eta Iñaki Zelaia dira finalaurreetara zuzenean sailkatu diren hiru bertsolariakleitza_ona.
Zestoan izan zuen mendi errusiarraren salto eta jauziek lehen zita. Bertsozalez gainezka zen frontoian, Uztapide bertsolari handia gogoan hasi zen txapelketa. Bertsoaldi umoretsu eta arratsalde polit baten ondoren Jone Uria Algortar gazteak lortu zuen hurrengo fasera pasatzeko kartela. Honen ondoren geratu ziren Uxue Alberdi eta Iñaki Gurrutxaga.

Harrijasotzaile askoren sorleku den Leitza herrian izan zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiak hurrengo plaza. Faboritoen artean bi izen zebiltzan hitzetik hortzera. Batetik Etxahun Lekue larrabetzuarra eta bestetik Iñigo Manzisidor "Mantxi". Pronostikoak betez, Etxahun Lekuek lortu zuen Bergarako finalaurrean kantatzeko aukera eta bigarren Ainhoa Agirreazaldegi sailkatu zen, Mantxik egin zuen hirugarren.

Igandean, Arriagako areto dotorea berriz ere bertsozalez bete zen hainbat urte eta gero. Zozketak hala erabakita, lau bertsolari gipuzkoar, lapurtar bat eta nafarra aritu ziren kantari. Bilboko saioa Iñaki Zelaiak irabazi zuen, erregular aritu ondoren arratsalde osoan. Bigarren Julio Soto nafarra sailkatu zen eta hirugarren Maddalen Arzallus gazteak indartsu datozela erakutsiz.

Asteburu bat, bertso saio bi

Asteburura begira ere, zita bikoitza daukagu bertsozaleok. Larunbatez iparraldera iritsiko da bertsoaren festa. Uztaritzen izango da saioa eta kartel ezin beteagoa dago bertan. Sei bertsolari hauek arituko dira kantuan: Arkaitz Estiballes, Xabi Paya, Aitor Sarriegi, Erika Lagoma, Unai Muñoa eta Beñat Gaztelumendi.

Igandean aldiz, Zarautzeko Aritzbatalde pilotalekuak hartuko dio lekukoa Uztaritzi. Bertan izango dira kantari arratsaldeko 17.30etik aurrera Iratxe Ibarra, Joxe Munduate, Oihane Perea, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Iker Zubeldia.

35510txapelketa-nagusia

 

Iñaki Iturriotz

2009, Urria 13
Arloa: Bertsoleku