Errusiar mendiaren gorabeherak

Iñaki Iturriotz

Txapelketaren trenera igo orduko ere jakin bagenekien guztiek ezin izango zutela aurrera egin mendi errusiarrak sortzen dituen emozio eta irrikaren bidean. Lehen fasea amaituta, Laudioko azken finalaurdenean jakin genuen zein hamazazpi bertsolarik kantatuko duten finalaurreetan azken edizioko zazpi finalistekin batera.

dsc_5174

 

Uztaritzeko saioa izan zen aurreko saioekiko aldea ezarri zuena. Frontoi beroan eta irabazlea nor izango zen kinielen jokoak eta puntu egarria, ederki asetu genituen. Amaieran, Beñat Gaztelumendi, saioko gazteeena irabazle, kartzelako lanean josi zituen hiru habaneren lanari erreparatuz. Bigarren Arkaitz Estiballesek egin zuen, saio betea osatu zuen, ofizioka zein puntuari erantzun ederrak emanez. Hirugarren Aitor Sarriegi sailkatu zen saio orekatu bat eginez eta laugarren Xabi Paya.

Zarautzeko final laurdena izan zen jendetsuena eta txalotuena. Mila lagunetik gora barruan eta beste batzuk kanpoan zirela hasi zen igande arratsaldeko bertso festa. Iker Zubeldiak lortu zuen finalerdietarako txartela bertsotarako duen freskotasuna eta umorea lagun. Bigarren Iratxe Ibarrak egin zuen eta hirugarren Unai Agirrek. Xabier Silveirak, kartzelako lanean akatsak egin arren, eta gero hedabideetan hain kritikatua izan den jarrera izan ostean, ukaezina da zortziko handiko ofizioan eta zortziko txikiko lanean egin zituen bertsoen maila, edukia eta egokitasuna, finalaurdenetan egon diren ofizioko lanik borobilenetakoak biak ere.

Saio polita izan zen Laudioko Granja kiroldegian sei bertsolariek osatu zutena. Miren Amurizak lortu zuen zuzenean sailkatzea eta lan ezin hobea osatu zuen batez ere hamarreko txikiko ariketan Fredi Paiarekin egin zuen saioan. Bigarren sailkatua Fredi Paia izan zen lan txukuna egin ondoren arratsalde osoan eta hirugarren eta laugarren Jon Martin eta Onintza Enbeita aritu ziren, erregulartasunaren adibideak ofizioka eta bakarka.

 


 

Hurrengo bertso looping-ak

AZAROAREN 7a, LARUNBATA
Bergarako Udal Pilotalekuan, arratsaldeko 17:30etan

Aitor Mendiluze
Maialen Lujanbio
Etxahun Lekue
Beñat Gaztelumendi
Fredi Paia
Jon Martin

AZAROAREN 8a, IGANDEA
Gasteizko Europa pabilioian, arratsaldeko 17:30etan

Unai Iturriaga
Miren Amuriza
Iñaki Zelaia
Arkaitz Estiballes
Xabi Paia
Maddalen Arzallus

AZAROAREN 14a, LARUNBATA
Tolosako Usabal kiroldegian, arratsaldeko 17:30etan

Igor Elortza
Sustrai Colina
Iker Zubeldia
Uxue Alberdi
Iñaki Gurrutxaga
Ainhoa Agirreazaldegi

AZAROAREN 15a, IGANDEA
Hendaiako Beltzenia pilotalekuan, arratsaldeko 17:30etan

Amets Arzallus
Jon Maia
Jone Uria
Aitor Sarriegi
Julio Soto
Onintza Enbeita

Iñaki Iturriotz

2009, Urria 26
Arloa: Bertsoleku