Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza BECera begira

Iñaki Iturriotz

 

Bertsoz gozatzeko modukoa asteburua izan da azaroaren bigarren hau. Bi zita zeuden bertsozaleen ahotan: Bergarako saioa eta Gasteizkoa.

Larunbatean euria lagun 1550 bertsozalek bete zuten Bergarako Labegaraieta kiroldegia eta beste hainbat zale sartu ezinik geratu ziren ateetan. Pronostikoak bete egin ziren. Maialen Lujanbiok irabazi zuen saioa ofizioka ondo baino hobeto eginez eta kartzelako lanean hiru bertso kategorikoak sortu zituen argazkilari baten paperetik kantatuta, argazkiaren testuingurua bikain deskribatuz. Aitor Mendiluzek ere saio ederra osatu zuen arratsalde guztian erregular aritu zen eta BECerako hautagaia dela erakutsi du aurtengoan ere.

Hirugarren Beñat Gaztelumendi sailkatu zen eta laugarren Jon Martin, bigarren itzulirako sailkatzeko aukera askorekin bi hauek ere. Etxahun Lekue eta Fredi Paiak aldiz ez zuten arratsalde borobila izan eta asmatu ezinik ibili ziren baina bizkaitarrok ondo baino hobeto dakigu zein den bien maila egun batean asmatu ez arren.

Bizkaitarrak izan ziren nagusi Gasteizko saioan kopuru aldetik. Lau bizkaitarrek, gipuzkoar batek eta lapurtarrak osatu zuten seikotea. Miren Amurizak lortu zuen garaipena saio erregular eta oso txukunaren ondoren. Bigarren Iñaki Zelaia sailkatu zen eta hirugarren Arkaitz Estiballes, saio polit eta betea eginda. Laugarren Unai Iturriaga geratu zen. Normalean baino lotuago ibili zen Unai, buruan zeuzkan ideia magiko horiek bertso bihurtu ezinik baina oraindik emango dio buelta egoerari durangarrak.
Xabi Payak egin zuen boskarren eta Maddalen Arzallusek seigarren.

Hurrengo zitak datorren asteburuan izango dira:

Tolosa

Azaroak 14, larunbata, Usabal kiroldegia, 17:30

Igor Elortza
Sustrai Colina
Iker Zubeldia
Uxue Alberdi
Iñaki Gurrutxaga

Ainhoa Agirreazaldegi

 

Hendaia

Azaroak 15, igandea, Beltzenia pilotalekua, 17:30

Amets Arzallus
Jon Maia
Jone Uria
Aitor Sarriegi
Julio Soto
Onintza Enbeita

 

Iñaki Iturriotz

2009, Azaroa 09
Arloa: Bertsoleku