Zortzi finalistak BECera begira

Iñaki Iturriotz

Belodromotik BECera egin du salto Aitor Sarriegik. Bera izango da aurpegi berria aurtengoan finalean. Igor Elortzak utzitako aulkia beteko du, ondo baino hobeto merezia daukana. Txapelaren bila zortzi buru eta bertsozaleontzat gogoangarria izango den eguna abenduaren 13a.

tn05_jendetza

Txapelketa hasi aurretik bagenekien Andoni Egaña finalean izango zela, txapeldunaren pribilegioa izan da txapelketak ikusle izatea. Gainontzeko zazpiak Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina izango dira.

Finalaurrekoetan gogoan izateko moduko saioak eginda datoz zazpiak. Maialen Lujanbiok txapela janzteko hautagaia dela argi erakutsi du bi finalaurrekoetan. Amets Arzallusek ohikoa duen azkartasunez eta zehaztasunez kantatu du, Aitor Mendiluzek bakarkako bertso bete beteak eskaini dizkigu, puntu labur eta luzeak dotore josita.

Jon Maiak berea duen bertsokeran kantatu du, ofizioko zein bakarreko lanetan sinesgarritasuna eta entzulearekin harreman beroa lortu du. Unai Iturriagak Iruñean erakutsi zuen egun ona daukanean bertsolari bikaina dela. Ideien freskotasunak eta ironiaz gauzak esateko moduak ematen diote durangarrari bere berezitasuna.

Aitor Sarriegi lehen aldiz entzungo dugu finalean. Aurreko edizioetan egun handiaren atarian geratu izan da. Txapelketa borobila egin du Sarriegik. Uztaritzen izan zuen lehen saioa, Hendaian bigarren aukera eta Donostiako azken finalaurrekoan bertsotan txukun egiteak ireki dio BECeko atea. Sustrai Colinak bi finalaurrekoak irabazita ozta ozta lortu du sailkatzea. Azken postuan bada ere, bertsokera ederra erakutsi du Colinak ere nahiz eta epaileen puntuek berez merezi ez duen postuan kokatu duten.

Protagonistak prest daude bada dagoeneko. BEC eta hamalau mila bertsozaleok izango gara lekukoak. Hasi dadila bertsoen festa!!!

 

 

Iñaki Iturriotz

2009, Abendua 01
Arloa: Bertsoleku